Tolosaldeko ospitale publikoa

EAJ, PSE, PP eta Voxek ezezkoa eman diote Tolosaldean osasun sistema publikoa izateko EH Bilduren proposamenari

Ataria 2020ko abenduaren 4a

Eskualdean ospitale publikoa eraiki eta osasun sistema osoaren izaera publikoa bermatu beharra aldarrikatu du Ibai Iriarte EH Bilduren legebiltzarkideak, eta Asuncion klinikako langileak sisteman integratzearen alde agertu da.

EH Bilduk Tolosaldean osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoa bermatzeko beharrezko neurri guztiak har ditzala eta, gainontzeko eskualdeetan bezala, %100ean publikoa izango den Erakunde Sanitario Integratua (ESI) ahalbidetu dezala eskatu dio Jaurlaritzari. Proposamena Ibai Iriartek eraman du Eusko Legebiltzarrera, baina EAJ, PSE, PP eta Voxen ezezkoa jaso du.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du Tolosaldean ospitale publikoaren aldarria aspaldikoa dela, eta "pozik" agertu da EAJk eta PSEk azkenean eskari horrekin bat egin dutelako; hala ere, ohartarazi du, aldarrikapen horretatik harago joan beharra dagoela, "gakoa eskualdeko ESIak, hau da, osasun sistema osoak, izaera publikoa izango duela bermatzea delako, betiere bertako udal guztiekin elkarlanean".

Eskualde mailako ospitale publikoa martxan jartzeko bidean, Iriartek 2021eko aurrekontuetan zuzkidura txertatzeko eskatu dio Jaurlaritzari, proiektuari ekiteko. Azaldu duenez, "prozesu horren baitan Asuncion klinikak aurrerantzean izan behar duen funtzioa eta eredua, publikoa betiere, zehaztu eta adostu behar da, bai eta bertako langileen etorkizuna ere". Azken puntu horri dagokionez, klinikako langileak osasun sistema publikoan integratzearen alde agertu da Iriarte. "Formula juridikoa bilatu behar dugu horretarako; urteak eta urteak dira Osakidetzaren zerbitzua eskaintzen ari direla, askoz lan baldintza kaskarragotan eta egunerokoan beraien guztia eta gehiago jartzen dute. Merezi dute erantzun bat hauei guztiei ematea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!