Laskorain eta Laubururen arteko derbia, larunbatean

Imanol Garcia Landa 2020ko abenduaren 3a

Lauburu eta Laskorain taldeen arteko lagunarteko partida, denboraldi-aurrean. GARAZI ARREGI

Gizonezkoen areto futboleko lehen derbia iritsiko da asteburuan. Bigarren B Mailako Laskorain eta Lauburu taldeek elkarren aurka jokatuko dute larunbatean, 18:00etan hasita, Tolosako Usabal kiroldegian. Hori bai, ez dute zaleen berotasuna izango, publikorik gabe izango delako partida.

Derbia seigarren jardunaldian iritsi bada ere, Laskorainentzat ligako hirugarren partida izango da eta Laubururentzat bigarrena, ezohiko denboraldi honetan hainbat partida bertan behera geratzen ari baitira. Laskorainek orain arteko bi partidak galdu ditu eta azpimultzoko zortzigarren eta azken postuan dago oraingoz. Aurreko asteburuan Gora Grupo Iron taldearen aurka jokatu zuten tolosarrek, eta 4-1 galdu zuten.

Bestalde, Lauburuk bere lehen partida jokatu ahal izan zuen aurreko asteburuan. Bere jokalari nafarrek taldearekin entrenatu eta partidak jokatu gabe egon ziren hasieran, Nafarroako Gobernuak hartutako neurriengatik. Behin horiek arinduta, eta laugarren jardunaldian taldean izan zen positibo batek jokatu gabe utzi ondoren, gogoz ekin zioten etxean jokatutako bosgarren jardunaldiko partidari. Gainera, 4-0 irabazi zioten Kukuyaga Etxebarri taldeari, eta une honetan bosgarren postuan daude hiru punturekin.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!