242 ikaslek eman dute izena euskara ikasteko eskualdean

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 3a, 12:00

Euskararen Eguna izaki, Galtzaundi Euskara taldeak aurtengo euskaltegien matrikulazio kanpainak utzitako emaitza onak nabarmendu ditu, aurreikuspenak gainditu baititu.

Ikasturteko eskaintza aurkezteko eta herritarrak euskara ikastera animatzeko agerraldi bateratua egin zuten lehen aldiz, Aitzol eta AEK euskaltegiek, eskualdeko hainbat udal, UEMA eta Galtzaundi Euskara Taldearen babesarekin irailean. Bada, erantzunak euskaltegien aurreikuspenak gainditu ditu: eskualdean 242 ikasle matrikulatu dira 2020-2021 ikasturtean euskara ikasteko.

Tolosaldeko 20 herritako biztanleak hasi dira Aitzol eta AEK euskaltegietan ikasten: Abaltzisketa, Aduna, Alegia, Altzo, Amasa- Villabona, Amezketa, Anoeta, Asteasu, Berrobi, Bidania-Goiatz, Hernialde, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza, Orendain, Tolosa eta Zizurkilen. Hala ere, herri gehienetan ez da posible izan taldeak osatzea eta Tolosako eta Andoaingo egoitzetan jasotzen dituzte klaseak gehienek. Dena den, Asteasun eta Lizartzan herrian bertan osatu dira taldeak, eta Villabona-Zizurkil, Anoeta-Irura, eta Altzo eta Ikaztegietaren artean ere osatu dituzte ikasgelak.

Ikasle gehienak lehen hiru mailetan matrikulatu direla azaldu dute. Hain zuzen, 242tik 145 dira A1, A2 eta B1 mailetako ikasleak, euskara ikasleen %60, alegia. Horiekin batera, hizkuntzaren erabiltzaile aurreratua lantzeko C1 (EGA) eta C2 mailetan matrikulatu dira beste 53 herritar hasi berri den ikasturtean. Euskara ikasteko bi metodo eskaintzen dituzte Tolosaldean diharduten bi euskaltegiek: aurrez aurreko klaseak eta autoikaskuntza. Azken honetan, euskaltegira gerturatu gabe lantzen dute hizkuntza ikasleek. Teknologien bidez ikasten dute euskara autoikaskuntzan matrikulatutako ikasleek eta tutoretzak jasotzen dituzte aldian behin. Metodologia honetan oinarrituta 62 ikasle ari dira euskara ikasten eskualdean.

Herrietan taldeak osatzeko zailtasunak

Galtzaundi Euskara Taldeak esan duenez, ikasturte berriari begira egindako lanketaren ondorioz eskualdeko ia herri guztietatik jaso dituzte euskara ikasteko interesa duten herritarren eskariak. "Horietako askoren nahia, ordea, herrian bertan euskara ikastea izaten da eta horretarako bi baldintza nagusi bete behar izaten dira: batetik, maila berean izena eman duten herritarren kopurua talde bat osatzeko gutxienekora iristea (bost ikasle) eta, bestetik, herritar horien artean asteko klaseen egunak eta ordutegiak bateratzea".

Baldintza horiek baina, "asko" zailtzen dutela eskualdeko zenbait herritan taldeak osatzea dio euskara taldeak, eta horren ondorioz, ikasle askok beste herrietara edo Aitzol Udal Euskaltegiaren Tolosako zein AEKren Andoaingo egoitzetara jo behar izaten dute. "Hori dela eta, interesa adierazitako zenbait ikaslek atzera egiten dute, herrian bertan ikasteko aukera ezintasuna argudiatuz, eta beste batzuk autoikaskuntzaren aldeko hautua egin dute. Aipatzekoak dira, adibidez, Abaltzisketa, Bidania-Goiatz, Berastegi eta Berrobiko kasuak, izen-emate asko egon baitira herri horietan, baina arrazoi desberdinengatik ezin izan dira taldeak herrian bertan sortu", esan dute.

Bestalde, pandemiaren ondorioz, ikasturte honetan jaitsi egin da ikasle taldeak osatzeko gutxieneko ratioa eta horrek euskaltegien itxaron zerrenda zabaltzea ere ekarri du. Beraz, Tolosaldean 36 herritar daudeeuskara ikasteko itxaron zerrendan euskaltegiek ikasle-taldeetan toki libreak izateko esperoan.

Peñascal Kooperatibak eta Aitzol Udal Euskaltegiak egindako akordioari esker, bertan ostalaritza ikasten ari direnen ikasketa prozesuan euskara klaseak txertatu direla ere azpimarratu du Galtzaundik. "Akordio honen bidez, ostalaritzako lehen mailako ikasleak euskara klaseak jasotzen ari dira eta hurrengo ikasturterako asmoa euskara klaseak ostalaritzako ikasleei ez ezik, galdaragintza ikasleei ere zabaltzea da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!