Lore Suarez PSE-EEko batzarkideak esan duenez, «Eusko Jaurlaritzak herritar guztientzat osasun zerbitzu berdinak bermatu behar ditu, baina, hori Tolosaldean ez da gertatzen». Hala, doako osasun sistema publiko, unibertsala eta kalitateduna aldarrikatu du. Atzo Gipuzkoako Batzar Orokorretan eginiko agerraldian esan zuen Osasun sailaren egitekoa dela euskaldun guztiek osasun zerbitzu berdinak izatea; «Baina, Tolosaldearen kasuan, 65.000 bizilagun baino gehiago dira zerbitzu bera ez dutenak, eskualde bakarra izanik eskualdeko ospitale publikorik gabe».
PSE-EE Tolosaldean ospitale publikoa eraikitzearen alde dagoela esan du Suarezek, aurretik, ordea, Tolosaldeko osasun eremuak dituen behar eta eskaerak identifikatzea beharrezkoa dela esan du: "Etorkizuneko ospitalean kalitatezko zerbitzua bermatze aldera eskualdeko herritarrek beharrezko dituzten osasun zerbitzuak identifikatu behar dira", esan du. Horregatik, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari eskatu dio horiek guztiak aurreikusiko dituen plana osatzea, eta ospitalearen proiektuari buruzko epeak eta aurrekontuak zehaztea.
Era berean, PSE-EEren batzarkideak esan du ospitalea eraikitzeko aurrekontua exijitzea eta hori eraikitzeko lekua zehaztea "merkeena" dela. "Garestiena azpiegitura mantentzea da, medikuz eta erizainez hornitzea eta berritzen joango diren makinez betetzea". Horregatik "beharrezkoa" dela esan du azpiegitura berriari buruzko plana osatzea.
Bestalde, Lore Suarezek adierazi du Osakidetza eta Asuncionen arteko hitzarmena garai batean "egoki" ikusi zutela "alderdi politiko guztiek", Tolosaldeko herritarrei "gainerako herritarren maila bereko zerbitzua" emateko. "Guztiok ulertu genuen eredu horrek zerbitzu unibertsala, kalitateduna eta doakoa emango zuela Tolosaldean izaera publikodun azpiegitura egiten zen bitartean" .