Pentsio Sistema Publikoaren alde egiteko deia, gizarte osora

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 1a, 15:18

Toledoko Itunari ezezkoa adierazteko, eskualdeko pentsiodunen mugimenduko kideek manifestazioak antolatu dituzte larunbaterako, Tolosan eta Villabonan.

Urrian, ia aho batez onartu zituen Espainiako Kongresuak, Toledoko Itunaren batzordeak aurrez adostutako gomendioak. Soilik Vox alderdiak bozkatu zuen pentsioen sistema erreformatzeko egitasmo berriaren proposamenen aurka. EAJk aldeko botoa eman zuen, puntu batzuetan gehiago sakontzeko asmoa agertu bazuen ere; EH Bildu, berriz, abstenitu egin zen, pentsiodunen mugimenduaren «aldarrikapen nagusiak» kontuan hartzen ez dituela esanez.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua haserre agertu da Espainiako Kongresuan azken aldian hartutako zenbait erabakirekin. Batetik, ez daude ados Toledoko Itunaren batzordeak proposatutako gomendioak inolako aldaketarik gabe berrestearekin. Bestetik, EH Bildu, ERC, BNG, Compromis eta Mas Pais Equo alderdi politikoen boto partikularrak baztertuz hartutako erabakia gaitzesten dute. «Toledoko Itunaren gomendioek gezurtatu egin dute Gizarte Segurantza publikoa jasanezina dela, eta agerian utzi dute pentsioei KPI-arekin balio handiagoa emateko ezintasuna», dio Iñaki Elduaien, Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduko kideak.

Pentsiodunen iritziz, lortutakoa «ez da nahikoa, dituen zehazgabetasunengatik, isilean gordetzen dituen kontuengatik, prestazioen egungo ahuleziak sendotzen dituelako, eta etorkizunean okertzea proposatzen duelako». Horrez gain, pentsioen etorkizuna gastuaren eta demografiaren arabera zehazten duen botere ekonomikoen diskurtsoa onartzen dela berresten dute. «Garrantzi handiko gaiak baztertzen ditu, hala nola, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea eta ekonomiaren produktibitatearen gehikuntzen bidezko birbanaketa».

Kongresuaren bozketaren ondoren, jasangarritasun-faktoreak eta 2011ko pentsioen erreformak indarrean jarraitzen dute, eta erreforma berriei ateak irekitzen zaizkie: erretiro aurreratua zigortuko da, diru publikoarekin sustatutako pentsio-plan pribatuak bultzatuko dira eta alarguntza-pentsioa murriztuko da. «Hala ere, bidezkoak bezain ezinbestekoak diren aldarrikapenak baztertu dira, tartean, gutxieneko soldata 1.080 eurotara igotzea, genero-arrakalaren %37arekin amaitzeko neurriak ezartzea eta etxeko langileak parekatzea. Gobernuaren teilatuan dago pilota, iazko erreforma proposatzen duten lege-aldaketen mende».

Gizarte osoaren borroka
Erreforma honekin, sistemaren belaunaldien arteko elkartasuna «hautsi» egiten dela nabarmentzen dute eskualdeko pentsiodunek. «Berriro ere erabakietatik kanpo geratu gara». Ondorioz, elkartzeko gonbita luzatzen die gizarteari, batez ere, sindikatuei, mugimendu feministei eta gazteei. Manifestazioak egingo dituzte larunbatean, Tolosan eta Villabonan, 12:00etan, udaletxe paretik hasita. «Pentsio duinak bermatuko dituen Pentsio Sistema Publikoaren aldeko borroka gizarte osoaren borroka da».

Tolosaldearen kasuan, eragile askoren babesa eta atxikimendua jaso dutela aitortu dute eskualdeko pentsiodunek: sindikatuak, talde politikoak, gizarte taldeak edota talde feministak. "Eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei, eta deia luzatzen diegu gainerako elkarte guztiei, gure ideiekin bat egin dezaten". Baina batez ere, Zutani elkarteak egiten duen lana nabarmendu dute. "Urte luzez, emakume askok egin dute lan, eta une honetan, herritar asko ari gara babesa ematen, auzolanean. 220 familiari ematen dizkiete elikagaiak, eta urruti geratzen zaigula dirudien arren, gugandik gertu dugun errealitate bat da. Bizitza duinak nahi ditugulako, ezin diegu horrelako egoerei bizkarra eman", gaineratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!