Buruz buruko finala errepikatu daiteke Lau eta Erdikoan

Tolosaldeko Ataria 2020ko abe. 1a, 15:04
Gaur egin da Lau eta Erdiko Txapelketaren aurkezpena Bilboko Bizkaia frontoian, Jaka gorriz jantzita dagoela. ASPE

Jakak eta Altuna III.ak adar ezberdinetatik parte hartzen dute kaiolako txapelketan. Final-zortzirenekin hasiko da lehiaketa asteburu honetan eta eskualdeko derbia izango da, Artola eta Peña II.aren artean.

Lehen mailako Lau eta Erdiko Txapelketa aurkeztu dute gaur Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Eskualdeko lau pilotari daude hamabi parte hartzaileen artean: Artola, Peña II.a, Jaka eta Altuna III.a. Zozketaren ondoren, adar ezberdinetan daude buruz buruko finala jokatu duten Jaka eta Altuna, eta berriro ere biak txapela lortzeko partida erabakigarrian elkarren aurka aritu daitezke abenduaren bukaeran. Parte hartuko duten beste pilotariak Agirre, P. Etxeberria, Elezkano II.a, Zubizarreta III.a, Bengoetxea VI.a, Irribarria, Ezkurdia eta Urrutikoetxea dira.

Zozketak ere ekarri du final-zortzirenetan eskualdeko derbia izatea: Artola eta Peña II.a elkarren aurka ariko dira, larunbatean, Azkoitian. Irabazlea Ezkurdiaren aurka ariko da finala-laurdenetan, abenduak 12-13ko asteburuan. Izan ere, zerrendaburu egungo txapelduna den Ezkurdiaz gain, Jaka, Altuna eta Urrutikoetxea dira; hauek final-laurdenetan hasiko dute txapelketa. Jaka Ezkurdiaren adar berean dago, eta bere final-laurdenetako aurkaria asteburu honetako Agirre eta P. Etxeberriaren arteko partidatik aterako da. Altunaren aurkaria, berriz, Elezkano II.a eta Zubizarreta III.aren arteko norgehiagokatik aterako da, eta Urrutikoetxearen aurkaria Bengoetxea VI.a eta Irribarriaren arteko partidatik.

Jakak hastear dagoen txapelketari buruz hitz egin du Ataria Irratian: "Orain txapeldun izanik, igual faboritoen multzoan egongo naizela iruditzen zait. Baina nire helburua orain arte izandakoaren berdina da, ahalik eta maila onena ematea, eta nik nire maila ondo ematen badut, aukerak izango ditut txapelketa onak egiteko eta finalaren ingurumari horretan egoteko". Iazkoan finalerdietan Ezkurdiaren aurka jokatu zuen. "Finalerdi handi bat egin eta gero, 22-20 galdu eta kalean geratu nintzen. Aurtengo txapelketa espres honetan kontuz ibili beharko da. Beste urtetan ligaxkak ematen zizun aukera partidaren bat galtzeko, eta aurten margen hori ez du inork izango. Saiatuko naiz aste eta erdi honetan lehenbizi hanka berreskuratzen, entrenamendu pare bat egiten lau eta erdirako, eta ea mailarik onena emateko gai naizen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!