Irratietan entzungai berriro

Ataria 2020ko abenduaren 1a

Azken asteetan arazo teknikoak izan ondoren, Ataria Irratiko programazioa FM bidez entzuteko aukera dago eskualdean.

Normaltasun zaharra itzuli da Ataria Irratira. Azken asteetan FM bidez emititzeko arazo teknikoak izan dira. Online bitartez soilik entzun zitekeen ataria.eus/irratia helbidean. Orain, ordea, eskualdeko irratia webgune bitartez eta 107.6 FM-ren bidez jarrai daiteke. Orain arteko eduki guztiak ataria.eus webgunean daude zintzilikaturik. Hemendik aurrera ere, irratiaren atalean zintzilikatuko dira sortutako edukiak.

EGUN OSOKO PROGRAMAZIOA

Astean zehar, 09:00etatik 13:00etara, Pasahitza magazina entzuteko aukera egongo da. Tolosaldeko aktualitatea, protagonistak, kantu eskaintzak, eguraldiaren iragarpena eta beste hainbat atal. Arratsaldean, 15:00etatik 16:00etara, podcasten tartea izango da. Ondoren, Zebrabidea magazinak Euskal Herriko albisteak jorratuko ditu, Arrosa Sareko irratietan. Azkenik, 20:00etatik aurrera, saio libreen txanda izango da. Edonork egin dezake bere saioa Ataria Irratian. Horretarako, ataria@ataria.eus helbidera idatzi daiteke proposamenarekin, edo 687 41 00 33 telefono zenbakira deitu.

Asteburuan, asteko saio onenak entzuteko aukera egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!