Jaka VS Altuna III _ Buruz Buruko Finala 2020

Eskualdeko beste pilotarien iritzia finalari buruz

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 26a, 07:59

Profesional mailan guztira eskualdeko zortzi pilotari aritzen dira. Horietako bik, Erik Jakak eta Jokin Altunak, Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatuko dute igande honetan. Aspe eta Baiko enpresetako eskualdeko beste pilotariek partida garrantzitsu horren inguruan hitz egin dute.

«Altuna faborito izanda ere, finala nahiko irekia izango dela dirudi»

XABIER TOLOSA - ASPEKO PILOTARIA

Altuna eta Jaka bezala, Aspe enpresako pilotaria da Xabier Tolosa anoetarra, eta Zazpi Iturri elkartean ere aritu zen biekin. Finalaren berezitasuna nabarmendu du: «Aspaldi ikusi ez bezala, bi gipuzkoar eta biak Tolosaldekoak ariko dira. Bai Jokinek bai eta Erikek ere sekulako txapelketa egin dutela iruditzen zait. Altuna faborito izanda ere, nahiko irekia dirudi finalak».

Jubenil mailan hasi zen Tolosa Zazpi Iturrin, eta batera aritu zen bi finalistekin Amezketako klubean. «Partida asko jokatu ditut elkarrekin, txapelketa asko irabazi ditut bai Jokinekin eta bai Erikekin, eta profesionaletan Erikekin binakakoa irabazi genuen promozio mailan». Biek elkarren aurka final bat jokatzea gutxik espero zutela dio anoetarrak: «Denok dakigu Altuna gaur egun dagoen pilotari onena dela, baina gutxik espero zuten Jaka horrelako final batean sartzea».

«Igandeko final hau bereziagoa da, oso gertuko bi pilotari iritsi direlako»

IÑAKI ARTOLA - BAIKOKO PILOTARIA

«Lehendik pilotako izarrak direnak ikusi izan ditugu finaletan, eta orain igandeko final hau bereziagoa da, oso gertuko bi pilotari iritsi direlako», esan du Iñaki Artola alegiarrak. «Txikitatik elkarren aurka partidetan eta entrenamenduetan aritu izan gara. Horrela ere gertuago ikusten dut nik finala, eta egunen batean nik neuk ere jokatzeko esperantza pixka bat ematen du. Dagoeneko Amezketaraino iritsi da txapela, eta ez zaigu asko falta (kar, kar)».

Faboritoa Altuna dela dio Artolak, «duen palmaresarengatik, eta horregatik bakarrik ez, oso momentu onean dagoela erakutsi duelako». Hala ere, «faborito garbia» ere ez dela gaineratu du, «Erik Urrutikoetxearen aurkakoan ez zelako faborito izan, eta ikusi genuen nola irabazi zion. Elezkanoren aurka ere partida gogorra espero zen, eta nahiko aise irabazi zion».

«Jokoan bertan akats gutxien egiten duenak aterako du aurrera partida»

JON ANDER PEÑA - BAIKOKO PILOTARIA

Finala «oso interesgarria eta polita» izango dela dio Jon Ander Peña tolosarrak: «Bi gipuzkoar, aspaldidanik elkarrekin dabiltzanak, eta jokoari dagokionez, uste dut erritmoa oso altua izango dela». Altuna lehen mailako txapelduna dela ekarri du gogora Peñak, eta horregatik faborito izatea normala dela, baina Jaka oso pilotari arriskutsua dela gaineratu du: «Abiadura ikaragarria du bere jokoak, eta min handia egin diezaioke Jokini berari ere».

Buruz burukoa egun jokatzen den moduan, sakean eta errestoan izango dela gakoa esan du tolosarrak, baina jokoak ere bere garrantzia izango duela gaineratu du: «Hain pilotari osoak izanik, nik uste dut jokoan bertan akats gutxien egiten duenak aterako duela aurrera partida. Horrelako intentsitatean eta abiaduran oso zaila da akatsik ez egitea, baina badakigu ze bi pilotari diren».

«Jaka oso bolada onean dago, eta gauzak ondo egiten baditu irabazteko gai da»

BEÑAT URRETABIZKAIA - BAIKOKO PILOTARIA

«Oso final interesgarria» izango dela dio Beñat Urretabizkaia ikaztegietarrak. «Aurtengo txapelketan ezusteko handiak izan dira, eta ezusteko oso pozgarriak, batez ere eskualdearentzako. Lagun handiak ditut biak, hemen bertakoak direlako, eta onenak irabazi dezala».

Faboritoa Altuna dela esan du Urretabizkaiak, baina Jaka ezin dela gutxietsi: «Denbora luzean ikusi da zer maila ematen ari den, baina aurten buruz buru erakutsi du onenei ere irabazteko gai dela. Bakaikoarekin sufritzen jakin zuen, Urrutikoetxea zapaldu egin zuen eta Elezkanoren gainetik pasa zen. Beraz, ezin da esan Jokin erabateko faboritoa denik. Jaka oso bolada onean dago, eta gauzak ondo egiten baditu irabazteko gai da».

«Tolosaldeko pilotari guztientzat oso albiste ona da finala»

JON ERASUN - BAIKOKO PILOTARIA

Finalean aspaldidanik ezagutzen dituen bi pilotari izango direla azaldu du Jon Erasun zizurkildarrak. «Eskualdeko bi pilotari dira, eta nik uste dut Tolosaldeko pilotari guztientzako oso albiste ona dela finala». Partida «oso irekia» ikusten du Erasunek: «Jaka joko handiarekin dago eta oso arriskutsua da. Altuna oso pilotaria da eta beti berea ematen du. Uste dut partida gogorra izango dela. Hala ere, Altuna pixka bat faboritoagoa dela uste dut».

Kontuan izanik pilotari batentzat final bat jokatzea garrantzitsua izaten dela, «beste aste bat bezala eramaten saiatu behar dela» esan du Erasunek: «Prestatu ondo, beste asteetan egindako lanak egin, finala izango dela buruari buelta askorik eman gabe».

«Ea beraiek gozatzen duten, eta guk ere gozatzen dugun kanpotik»

IKER ELIZEGI - BAIKOKO PILOTARIA

Tolosaldeko pilotarietan azkena izan da profesionaletara jauzia egiten Iker Elizegi asteasuarra, aurten egin baitu debuta. Finalaren berezitasuna nabarmendu du: «65 urte-edo pasa omen dira bi gipuzkoarrek finala ez zutela jokatzen. Oso final polita da, gogorra izatea ere espero da, eta ea bi pilotariek ikuskizuna ematen duten, beraiek gozatzen duten eta guk ere gozatzen dugun kanpotik».

Altunak 24 urte izan arren, dagoeneko bakarka seigarren finala izango duela nabarmendu du Elizegik: «Badakigu zenbat jokatzen duen, eta azkenaldian kolpea ere hartu du. Baina Erikek ere azken urte eta erdi honetan asko erakutsi du. Bere eguna badu, lanak asko zailduko dizkio Jokini».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!