Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

Indarkeria matxistari ezetz dio eskualdeak

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 25a, 20:31

Ehunka herritar atera dira kalera, emakumeenganako indarkeria gaitzestera. Herri ezberdinetako eragileek antolatuta, era guztietako ekintzak eraman dira aurrera.

Tolosako Asanblada Feministak deituta, Tolosan ospatutako manifestazio jendetsuarekin eman berri diote amaiera, emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean, eskualdean burututako ekitaldi sortari. Ekitaldi horretan, koronabirusaren pandemiaren krisiak eremu feminizatuetan «eragin zuzena» izan duela nabarmentzeaz gain, indarkeria matxistak «gora egin duela» gogorarazi dute.

Asanblada feministako kideek adierazi dutenez, covid-19ak "areagotu egin du" 2008tik zetorren eremu askotako krisia. "Lehertu zaiguna ez da osasun-krisia soilik. Biluzik utzi ditu sistema honen dimentsio ezberdinetako krisiak eta horrez gain, agerian geratu da zer den jendarte desorekatua, injustua eta askotariko indarkeriek zeharkatua".

Aldi berean, epidemiaren aurrean gobernuek emandako erantzunek, "lehendik martxan zeuden mekanismoak areagotzea" ekarri duela salatu dute. "Elkar zaintza bultzatzea ezinbestekoa da, eta hori posible egingo duen proposamen politikoak behar ditugu; heteropatriarkatuaren, pribatizazioaren, kapitalismoaren eta kolonialitatearen arrakaletatik haratago doazenak".

Horrez gain, burujabetza "bizirauteko urgentzia" bihurtu dela esan dute, "gure osasun eta gorputzetatik hasita. Praktika politiko integrala garatzeko txikitik handira eta handitik txikira eragin behar da. Euskal Herri feminista behar dugu elkar-zaintzaren politikak kontuan hartuko dituena, eremu komuna eta publikoa erdigunean jarriko dituena, politika lekutuak sustraituko dituena".

Gaur, funtsezko jarduerakdira antolakuntza feminista eta herrigintza, oinarrizko eskubideak. Lehentasunezkoa da gure komunitate feministak jostea eta aktibatzea larrialdi egoera honi aterabidea emateko. Indarkeria matxistaren aurrean, guk babes sare anitzak nahi ditugulako! Eta ozen diogu, indarkeria matxistaren aurrean, autodefentsa saretzen jarraituko dugula

Indarkeriaren saretik ihes egin nahian

Arratsaldean, Iruran, herriko gazteek manifestua irakurri dute bertako emakumeek antolatutako ekitaldiari hasiera emateko. Edozein krisiren testuinguru oro, pandemia honekin gertatu bezala, indarkeria matxista "ugaltzeko, biderkatzeko eta ugaritzeko haztegi bat" direla salatu dute. "Guzti honek agerian utzi du bizitzaren jasangarritasunean zaintzak duen balioa, eta are egoera zaurgarriagoan kokatu ditu indarkeria matxista jasaten duten milaka emakumeen bizi baldintzak".

Emakumeen aurkako indarkeriari eta bere adierazpen mota guztiei aurre egiteko tresna indartsuenak parte hartzea eta elkarlana direla adierazi dute. Azkenik, gaurko ekitaldian gogoan izan dituzte aurten itxialdian Euskal Herrian hil dituzten lau emakumeak. "Errealitate sozial larria da. Ezin dugu, eta ez dugu, beste alde batera begiratu behar. Lanean jarraitu behar dugu horrelakorik berriro gerta ez dadin".

Ondoren, saio bikaina eskaini du Iratxe Ramirezek, herritar guztien gozamenerako. Indarkeriaren saretik ihes egiten zuen emakume baten erreakzioa interpretatu du, koreografia baten bitartez. Haurren dantza saioarekin eman diote amaiera gaurko ekitaldi bereziari.

Gaiari buruz hausnartzeko deia

Ikaztegietan, berriz, garai berrietara egokitutako ekimena burutu dute. Herriko txoko ezberdinetan, indarkeria matxistari buruzko hausnarketez jositako zenbait mezu jarri zituzten. Aurrez, galdera bat luzatu zieten herritarrei: «Ze tresna erabili ditzakegu emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko?».

Norbanako modura edota eragileen izenean hartu dute parte herritarrek, eta ostatu ingurua, plaza, eskola nahiz udaletxea atondu dituzte gaurko egunerako. Plazan jarritako mezuak, abenduaren 2a bitarte egongo dira ikusgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!