Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

Indarkeri matxistari aurre egiteko deia egin dute Villabonan eta Tolosan

Ataria 2020ko azaroaren 25a

Eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte Villabonako Errebote plazan eta  Tolosako Plaza Zaharrean, bi herrietako udalek deituta.

Amasa-Villabonako Udalak elkarretaratzea egin du Errebote plazan gaur eguerdian. Udal ordezkariekin batera, Helduen Heziketa Iraunkorreko zentroko ikasle eta irakasleak eta gizarte zerbitzuetako langileak egon dira mobilizazioan. Udaletxeko balkoitik berdintasunaren aldeko hari matazak zintzilikatu dituzte.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk adostutako erakunde adierazpenaren berri eman du. Atzoko osoko bilkuran udalak hainbat konpromiso hartu zituen. Besteak beste, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta prozesu osoaren erdigunean jarriko ditu udalak eta behaketa hobetuko du, indarkeria egoeretan dauden emakumeen forma eta profil berriak hautemateko eta horien aurrean azkar jarduteko. Aldi berean, emakumeen ahalduntzeari eta gazteen artean indarkeriaren prebentzioari laguntzeko programak bultzatuko ditu eta genero ikuspegia txertatuko du enplegu galerak, diru sarrerak eta krisiaren beste eragin negatibo batzuk arintzeko neurrietan.

Mugimendu feministak gaur arratsalderako deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu die herritarrei Amasa-Villabonako alkateak.

Tolosan elkarretaratzea

“Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde”, elkarretaratzea egin dute gaur Tolosako udaletxe aurrean, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako nazioarteko egunean. Indarkeria matxistaren aurrean "konpromiso kolektiboa eta indibiduala" sustatzeko beharra azpimarratu du Tolosako Udalak.

Udal ordezkarien esanetan, gaur egungo egoerak modu zuzenean eragin du indarkeria matxista kasuetan, eta are eta ageriagoan utzi du indarkeria matxista horri aurre egiten jarraitzeko beharra. "Kontzientzia hartzea eta gai honen aurrean sentsibilizatzea ezinbesteko erremintak dira indarkeria matxistari aurre egiteko". Hala, indarkeria matxista kasuen aurrean ikusle hutsak izatetik modu aktiboan aritzera pasatzeko deia egin du Tolosako Udalak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!