Seme-alabekin kezkatuta

Jon Miranda Labaien 2020ko aza. 25a, 07:58

Nahiz eta bere jatorriko herrialdeak itsasoa eduki, Sarak Euskal Herrian ezagutu zuen hondartza, Anoetako Vitoria-Elosegi harrera familiari esker.

Azken urteetan 'Oporrak Bakean' programan parte hartu duten harrera familiek kezkaz jarraitzen dituzte Mendebaldeko Saharatik eta errefuxiatu kanpalekuetatik datozen berriak.

Errefuxiatu kanpalekuetatik kanpo, urtero uda pasatzeko aukera ematen diete agintari sahararrek, 9 eta 12 urte arteko umeei. SEADeko Gazteria ministerioak, Euskadiko Fronte Polisarioarekin koordinatuta antolatzen du Oporrak Bakean programa, eta 2019an, esate baterako, 29 haurrek pasa zuten uda Tolosaldean, harrera familietan eta Hernialden atondutako aterpetxean. Aurten, bertan behera geratu da programa COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik.

Ana Elosegi anoetarrak eta bere familiak bi urtetan jaso dute etxean Sara neskatila, eta agindu bazioten ere, ezin izan diote bisita itzuli errefuxiatu kanpalekura. «Sarak argi adierazi izan digu beti bi Aaiun daudela: bata bere amonarena, Marokok okupatutako lurraldeetan, eta bestea, berriz, errefuxiatu kanpalekuetako Aaiun, bera bizi den tokia. Hasieran pandemiagatik eta orain sortu den gerra egoeragatik ezin izango dugu abendu honetan bidaiatu, baino nahiago genuke hurrena bere amonaren Aaiun horretan bisitatu ahal izango bagenu, berea ere baden amonaren lurrean, amalurran».

Oporrak Bakean programan parte hartu duten familiek ume hauen bitartez jaso dute Mendebaldeko Saharan bizi duten gatazka politikoaren berri. Nurdin gaztetxoa lau alditan jaso dute Egoitz Luisaren etxean eta umeak helarazi die saharar herriari gertatzen ari zaiona: «Dozena bat urterekin ez dute, akaso, gatazka politikoa ulertuko, baina badakite ederki asko euren lurraldetik kanpo bizi direla». Amonaren ahotik jaso du kontakizuna Nurdinek, orain berak duen adinarekin kanporatu baitzuten bere lurraldetik. «Ez dira hainbeste urte pasa eta oso gogoan dute Mendebaldeko Sahara Maroko eta Mauritaniaren esku utzita Espainiak egin zien traizioa».

LAGUNTZA NOLA

45 urte igaro dira sahararrak euren lurraldetik kanporatuak izan eta gerran sartu zirela. 1991ean su-etena sinatu eta 29 urte eman dituzte zain. NBEren Minurso misioak bi egiteko izan ditu urte guzti hauetan: su-etena zaintzea eta Mendebaldeko Sahararentzat autodeterminazio erreferenduma antolatzea. Ez du agindutakoa bete eta sahararrek aski dela erabaki dute.

Lurralde okupatuaren eta Mauritaniaren arteko mugan dagoen Guerguerat eskualdean sortu da sua. Gune desmilitarizatua da, baina Marokok armada hara bidaltzea erabaki zuen azaroaren 13an sahararren protesta bat desegiteko. Dozenaka manifestari ari ziren protestan, inguruko errepide bakarra trabatzen, sahararrek uste baitute Marokoren kontrolpeko igarobide hori nazioarteko legediaren kontrakoa dela. Tentsioak gora egin eta bake akordioak urratutzat jo ondoren Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri du.

Guergueraten gertatutakoa «ez da beroaldia», Lander Etxeberria billabonatarraren ustetan. Oporrak Bakean programan hartu du parte bere familiak eta bi urtetan izan dute Sidm Mohamed gaztetxoa etxean. «Nazka-nazka eginda daude sahararrak eta ni behintzat ez nau sorpresaz harrapatu egoera honek. Pazientzia handiko herria da baina bizi baldintza oso gogorretan bizi dira eta galtzeko gauza handirik ez dutela iruditzen zaie. Gerra deklarazioa ez da eszenifikazio bat. Nire ustez determinazio handia duen herria da eta aurrera egingo dute. Apustua egina dute eta urratsez urrats joan arren, gauzak aspalditik erabakita dauzkate».

Bat dator Luisa ere, eta azpimarratu du «erabateko frustrazioa» bizi dutela sahararrek. «Bete gabeko hainbeste promesa egin zaizkie, pazientzia bukatu zaiela eta neurri batean denok dugu horretan ardura, nazioarteko komunitate osoak. Orain egoera militarki tentsionatzea erabaki badute, nik ezin diet ezer esan», aipatu du anoetarrak. Elosegik esan du armak hartzearena inorentzat ez dela «desiragarria» baina sahararrek askotan adierazi diote nola sentitzen diren: «Burla egiten ari zaizkiela pentsatzen dute eta beste irtenbiderik ematen ez bazaie, gerrara joango direla esaten digute».

Elosegik gatazka konpontzeko klabeak eman ditu: eseri, hitz egin eta hitzartutakoa bete. Eta Etxeberriak horretan jarri du azpimarra: «Dagoeneko ez dute ezer sinisten, 45 urtez gezurretan ibili zaizkie eta orain konpromisoak ez, ekintza zehatzak behar dituzte». Luisak ez du uste soluzioa garaipen militar batetik etorriko denik eta berak ere nazioarteko komunitateari dei egin dio gatazka honetan ardurak hartu ditzan. «Ez dute erreakzionatuko, ordea», esan du etsita Etxeberriak: «Bizitzak baino pisu gehiago dute txanpon batzuk. Nabarmena da interes ekonomikoak daudela atzean eta ez zaie horiei uko egin nahi. Marokok dituen interes horiekin konplizitate handiak daude nazioartean. Haien ikuspegitik baliabide horien ustiaketak 10.000 edo 20.000 hildako baino gehiago balio dute».

«Mendebaldeko Sahara herrialde pobrea balitz dagoeneko bakean utziko lituzkete», esan du Elosegik. «Kontua ez da egoera ez aurrera eta ez atzera dagoela, geroz eta okerrago baizik. Lurralde okupatuetan errepresioa oso gogorra da eta kanpalekuetan laguntza humanitariotik bizi dira, guk hemendik bidaltzen dizkiegun sendagai, jaki eta jantziekin. Hori iristen bazaie, azkeneko karabanan bildutakoa, adibidez, Alacanten baitago joan den otsailetik. Etsigarria da».

GERRAREN ALBO KALTEAK

«Panorama beltza» ikusten du Etxeberriak aurrera begira eta kezka adierazi du kanpalekuetan bizi den Sidm Mohamed Saharako semearen eta haren familiarekin gerta daitekeenagatik: «Hasten zara pentsatzen eta ez dakizu noraino iritsi litekeen gerra. Eta Sahara eta Marokoren arteko mugaren inguru horietatik harago zabaltzen hasten bada eta kanpalekuei eraso egitea erabakitzen badute? Gatazkak beste dimentsio bat hartuko luke, Maroko Aljeriako lurretan sartuko litzatekeelako, baina horrelakoak pasatzen zaizkigu burutik. Estutasun handia sartzen zaigu eta inpotentzia dezenterekin bizitzen ari gara egoera».

Beldurra adierazi du baita ere Luisak. «Zein bitarteko militar dauzkate sahararrek? Kanpalekuak ahulgune bezala ikusi al ditzake Marokok? Esan digute kanpalekuetan gizonezko gehienek eman dutela izena gerra frontera joateko. Gerran masakratzen badituzte nola geratuko dira kanpalekuak? Galdera asko sortzen zaizkigu eta urduri egoteko eta egoera honen larritasunaz konturatzeko datuak badaude».


Horregatik saiatzen dira Oporrak Bakean programan parte hartu duten familiak harremana mantentzen etxean jasotako haur sahararrarekin. «Guk Sidm Mohamedekin hitz egiten dugu telefonoz eta harremana mantentzen dugu Whatsapp bitartez, beti euskaraz. Hizkuntzarena muga bat da sakontasunez gai hauetaz aritzeko eta bere gurasoekin aritzeko hizkuntzaren traba dugu. Eta gero, ausartu ere ez gara ausartzen zenbait gauza galdetzera», aitortu du Etxeberriak.

Harreman hori mantentzen dute Vitoria-Elosegi familiakoek Sararekin astero bideo deien bidez: «Gerra egoera ezarri zutela jakin genuenean nire hamaika urteko alabak Whatsapp mezu bat bidali zion, 'ondo zaudete?' galdetuz. Erantzuten ez zuela ikusita urduri jarri zen. Beranduago audio bat bidali zigun ondo zeudela esanez. 'Zaindu, mesedez', erantzun zion bueltan alabak». Euskal Herriko familiek kezka dute euren Saharako seme-alaben aita, osaba edota lehengusuek frontera alde egiten badute. «Lehen ere asko joan ziren gerrara eta ez ziren itzuli», esan du Elosegik. Eta jende asko falta dela ere berretsi du Etxeberriak, «kanpalekuetan, bestela ere, ezin esan gizonezko asko dagoenik».

BABESA ETA ELKARTASUNA

Aurreko asteazkenean Tolosako Trianguloan eta larunbatean Anoetako plazan egindako mobilizazioen argazkiak jaso dituzte mugikorretan Oporrak Bakean programan parte hartu izan duten haurrek. «Ez dago gure eskutan baina eskua eman dezakegu laguntzeko. Ezin dezakegu ezer asko egin, babesa erakutsi baino ez. Ikusi dezatela haiekin gaudela», dio Elosegik. Luisak ere nabarmendu du mobilizazio hauen garrantzia, «gaia gizarteratzeko alde batetik, eta botere politikoak eta instituzioak mugiarazteko, bestetik».

Antolatutako mobilizazioetan parte hartzea, Tolosaldean bizi den komunitate sahararrari elkartasuna adierazteko modu bat izan daiteke Etxeberriaren esanetan. «Bestela, gure eragiteko gaitasuna mugatua da. Estatuen erabaki garrantzitsuetan eragitea normalean zaila egiten zaio jendeari bere lurraldeko afera bat denean, pentsa beste lurralde batekoa denean. Munduko potentzia handien esku-hartze batekin bakarrik konponduko da egoera hori eta boterea dagoen guneetan ez dago inolako disposiziorik gatazkari irtenbidea emateko».

Elosegiren familiak badu itxaropena. «Nahiz eta bere jatorrizko herrialdean itsasoa badagoen, Euskal Herrira etorri zen lehen bidaian ezagutu zuen hondartza Sarak. Hurrena Oporrak Bakean beharrean, soilik oporrak izatea nahi genuke, bakea lortuta dagoelako. Urte eta erdi da Sara ikusten ez dugula eta hura besarkatu nahi dugu. Izan dadila hurrena Mendebaldeko Saharako hondartzetan edo hemengoetan, baina behintzat elkarrekin eta bakean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!