Aralarrekiko "utzikeria" egotzi dio EAJk EH Bilduri

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 25a, 07:58

EAJk "bereziki mingarria" dela uste du EH Bilduk Goilarre programaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ia 52.776 euroko diru laguntzari uko egin izana.

Enirio-Aralar mankomunitatea osatzen duten herrietako EAJko ordezkariek salatu dute mankomunitatea EH Bilduren esku dagoenetik ez dela inbertsiorik egin Aralarren. Azaroaren 12an egindako bilkuran onartu zituzten 2020ko aurrekontuak, eta EAJko ordezkariek azaldu dutenez, "150.000 euro inguruko aurrekontua onartu da, eta bertan 3.500 euroko mantenu lanak baino ez dira jasotzen, gainerakoak egitura mantentzeko bakarrik dira". 2020ko aurrekontua azaroan bertan onartu izanak ere zentzurik ez duela esan dute. "Enirio-Aralar mankomunitatearen ardura da mendia mantentzea, baina EH Bilduk gidaritza hartu duenetik mendia baino mankomunitatearen egitura bakarrik mantentzen du, ganaduzaleak eta artzainak bazterrera utzita", esan dute jeltzaleek.

Era berean, EAJk "bereziki mingarria" dela uste du Goilarre programaren baitan Gipuzkoako Foru Aldundiaren ia 52.776 euroko diru laguntzari uko egin izana.  Horren aurrean, "ganaduzaleen eta artzainen lan baldintzak eta larreen egoera hobetzeko inbertsioak egiteari uko egin dio EH Bilduk", esan dute. Gainera, jeltzaleek ez dute ulertzen "diru laguntza horri uko egitearen alde bozkatu duten herri ordezkari batzuk beren herrietako lurrak mantentzeko Goilarre programari baiezkoa eman izana, bi lekuetan artzainen eta larreen beharrak berdinak izanik". "Zein da EH Bilduren hautua? Bata ala bestea? Edo bata eta bestea leku bakoitzean politikoki interesatzen zaionaren arabera?» galdegin diote jeltzaleek EH Bilduri.

Azaldu dutenez, egun batzuk geroago, azaroaren 18an, lan taldearen bilera deitu zuen Amezketako ordezkariak. "Deialdi hartan, mankomunitatearen logoarekin eta mankomunitatearen proposamena balitz bezala, Enirio-Aralarren baita landu ez den proposamen bat bidali zen", esan dute. Lantaldeko kide batzuk galdegin ondoren, Amezketako ordezkariak argitu zuela EH Bilduren poposamena izan zela eta ez mankomunitatearena esan dute EAJko ordezkariek. Jeltzaleen ustez, "onartezina da EH Bilduren dokumentu bat guztiak ordezkatzen gaituen organoaren izenean bidaltzea; EH Bilduk mankomunitataean duen jarreraren beste adibide bat da".

EH Bilduren dokumentu horrekin "erabateko desadostasuna" azaldu dute jeltzaleek, "argi baitago, bertan jasotakoak ez duela ganaduzale eta artzainen lana aintzatesten; Aralarren artzantza eta abeltzantza mugatzera bideratutako neurriak dira deak", esan dute. "EH Bildun nahiago du ardi, behi, behor eta ahuntzez betetako Aralar bat baino sasiz, otez eta garoz betetako Aralar bat". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!