Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

Eskolako haurretatik hasiko dira indarkeria matxista lantzen

Ataria 2020ko azaroaren 24a

Iaz Indarkeria Matxistaren Aurkako egunean Bidanian eginiko ekimen bateko irudia.

Indarkeria Matxistaren aurka egiteko herriko umeetatik hasiko dira gaia lantzen Albizturren eta Bidania-Goiatzen. Saiaz Gizarte Zerbitzu Mankomunitateak, Albiztur eta Bidania-Goiazko eskolek eta Matraka emakume taldeak antolatuta.

Bihar da Indarkeria Matxistaren Aurkako nazioarteko eguna, eta Bidania-Goiatzen eta Albizturren ere gaia gizarteratu eta mahai gainean jarriz hausnartuko dute. Protestarik ere ez da faltako.

Bihar, hilak 25, Albizturren eskolan egingo dute indarkeria matxistaren gaineko lanketa bai guraso eta baita haurrekin ere. Gurasoekin, indarkeria jasaten duten adineko emakumeen testigantza errealak dituen  bideoa ikusi eta aztertuko dute, eta haurrekin, berriz, indarkeria eta gazteak izango dute hizketarako gaia, Egunon printzesa bideoarekin.

Egun berean, Bidania-Goiatzen ere txikienetatik hasiko dira gaia eta egoerak mahai gainean jartzen. Txinkorta eskolan, Ahozko biolentzia landuko dute, Tximeletaren belarriak ipuinarekin irainak eta bertute positiboak landuz.

Behin kalera aterata, Bidania-Goiatzen kaleratze zaratatsua egingo dute, 19:00etan, emakumeen kontrako indarkeria salatzeko. Frontoi aurrean elkartuko dira, eta bakoitzak zerbait morea eta zarata egiteko gailua eraman beharko du. Matraka elkarteak oihal more handian mozorroa margotu eta zabalduko du.

Guzti hau, Saiaz Gizarte Zerbitzu Mankomunitateak, Albiztur eta Bidania-Goiazko eskolek eta Matraka emakume taldeak antolatu du beste eragile batzuekin batera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!