Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

Eskualdea indarkeria matxistaren aurka

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 20a, 07:59

Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean bi izango dira eskualdeko mobilizazio nagusiak; Villabona eta Zizurkil arteko Zubimusu zubian bata, eta Tolosako Trianguloan, bestea.

Datorren asteazkenean Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izango da, azaroaren 25a, alegia. Eskualdean ere izango du oihartzuna egun horrek eta hainbat herritan emakumeen kontrako indarkeria gaitzesteko ekitaldiak antolatu dituzte.

Egunean bertan Aiztondoko Mugimendu Feministak deituta elkarreratzea egingo dute 19:00etan, Zubimusu zubian, eta Tolosan, Tolosako Asanblada Feministak deituta, elkarretaratzea egingo dute ordu berean Trianguloan. Azken horretara batuko dira baita ere Ibarrakoak, Deabruak Kalera Asanblada Feministak deituta, izan ere, Ibarrako biribilgunean elkartuko dira, eta batera joango dira Triangulora. Mobilizazioa kandela eta linternekin argiztatuko dute.

Hausnarketarako gonbita

Egunean bertan horiek izango dira ekitaldiak, baina eskualdeko asanbladek zein emakume taldeek bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte aurretik zein gerora ere. Ikaztegietan, esaterako, herritarren parte hartzearekin ekimen berezia egingo dute. Emakume Taldeak indarkeria salatzeak eta horren inguruan hausnartzeak «are eta garrantzia handiagoa» duela uste du eta eta emakumeen aurkako indarkeriari buruzko hausnarketa sustatzeko helburuz Ze tresna erabili ditzakegu emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko? galdera erantzuteko eskatu die herritarrei. Ekimenean parte hartzeko galderari erantzun beharko zaio orri zuri batean edota kartulina batean eta mezu horiek guztiak ikusgai jarriko dituzte plazan.

Iruran ere izango dira ekitaldiak eta horiez gain, herrian zehar gaiarekin lotutako datuak biltzen dituzten panelak jarriko dituzte. Era berean, Irurak ez du eraso sexistarik onartzen dioen seinale bana jarriko dute herriko bi sarreretan. Azkenik, ikastolarekin elkarlanean, udal eraikinak apainduko dituzte ikasleek landutako muralekin.

 

EKITALDIAK

Aiztondo bailara

  • Bihar, azaroak 20. Talde argazkiak aterako dira; 18:30ean Zizurkilgo Joxe Arregi plazan eta 19:00etan Villabonako Berdura plazan; eta 19:00etan Asteasuko plazan.
  • Azaroak 25, asteazkena. Elkarretaratzea Aiztondoko Mugimendu Feministak deituta. Villabona eta Zizurkil lotzen dituen Zubimusu zubian egingo dute 19:00etan hasita.
Ibarra
  • Azaroak 22, igandea. 10:00etan plazan elkartuko dira argazkia atera eta Uzturrera abiatzeko. 11:00etan egingo dute geldialdia Izaskunen.
  • Azaroak 25, asteazkena. 19:00etan abiatuko dira plazatik Tolosako mobilizaziora joateko.
  • Azaroak 27, ostirala. Arrakala. Zirrikitu bat haitzetan dokumentala, kultur etxean. Topatu.info eta Bilgune Feministak prestatutako dokumentala da.
Ikaztegieta
  • Azaroak 25-abenduak 2. Herritarrek Ze tresna erabili ditzakegu emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko? galderari erantzundakoa jarriko dute plazako komunen inguruko horman eta abenduaren 2a bitartean egongo dira ikusgai.
Irura
  • Azaroak 25, asteazkena. Irurako Emakumeek antolatutako ekitaldia, 18.00etatik aurrera, plazan.
  • Azaroak 26, osteguna. Volar dokumentalaren emanaldia, 18,00etan gela borobilean.
  • Azaroak 27, asteazkena. Cromlech antzezlana, Evaren alabak taldearen eskutik, 19.00etan musika eskolan.
Tolosa
  • Azaroak 22, igandea. Nafar zubian elkartuko dira 09:30ean, taldeko argazkia ateratzeko. Eta 10:00etan abiatuko dira Santa Klaratik Uzturrera igotzeko.
  • Azaroak 25, asteazkena. 19:00etan mobilizazioa Triangulotik abiatuta.

Bidania-Goiatz

  • Azaroak, 25, asteazkena: Elkarretaratzea 19:00etan, frontoi aurrean.

Altzo

  • Azaroak 22, igandea: Ehundutako indarkeria matxista usatzaileen zintzilikatzea eta 13:00etan talde argazkia aterako dute.
  • Azaroak 25, asteazkena: 18:00etan elkarretaratzea.
  • Azaroak 27, ostirala: Errepresioa genero ikuspuntutik Lurdes Herrasti Aranzadiko historialariaren   eskutik, 19:00etan.

Anoeta

  • Azaroak 21, larunbata: 11:45ean argazkia aterako dute.
  • Azaroak 25, asteazkena: elkarretaratzea plazan, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!