Koronabirusa

COVID-arekin ospitaleratutako gaixoak bisitatu ahalko dira Asuncionen

Ataria 2020ko azaroaren 19a

Gaurtik aurrera egin ahalko dira bisitak, eta gehienez bi orduko iraupena izango dute goizez eta hiru ordukoa arratsaldez.

Asuncion klinikatik adierazi dutenez, gaurtik aurrera baimenduta egongo dira COVIDarengatik ospitaleratutako gaixoei eginiko bisitak. Gaixo bakoitzeko pertsona bat sartu ahal izango da COVID eremuan, eta, ahal dela, pertsona bera izan beharko dela beti esan dute. Bisitak bi ordu iraungo du goizeko txandan, 12:00etatik 14:00etara, eta hiru ordu arratsaldeko txandan, 17:00etatik 20:00etara.

COVID ospitaleratze-eremuan sartu aurretik, laguntzaileek dagozkien norbera babesteko ekipamenduak jarri beharko dituzte, osasun-profesionalen laguntzarekin, eta behin barruan, gelan egon beharko dute une oro. Gainera, gaixoak behar dituen objektu pertsonalak edo aisialdikoak ekarri ahal izango dituzte, baina ezingo da ospitaleratze-unitatetik ezer atera pazienteari alta eman arte.

Berezitzat jotzen diren egoeretan (hala nola bizitzaren amaiera, desorientazioa edo asaldura), laguntzailearen presentzia jarraitua eta laguntzaileen kopurua handitzea baimendu ahal izango dela esan dute Tolosako zentrotik, "betiere Mediku Zuzendaritzari aldez aurretik eskatuta". COVID eremuko pazienteen laguntzaileek ez dute PCR probarik egin beharko. 

Gaur egun, Asuncion Klinikak 45 ohe ditu COVID pazienteentzat. Joan den astean, batez beste, 20 COVID paziente ospitaleratu zituzten, 27 eta 94 urte bitartekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!