Santa Lutzia auzoko lau lur zati, San Blas auzoa, Apatta industrialdeko bi lur zati, Usabal industrialdea, Olarrain auzoa, Iurramendi pasealekua, San Esteban auzoa edo Monteskue auzoa. Kokapen horiek aztertuko dituzte ospitale publikoa eraikitzeko. Tolosako Udalak esan duenez, arkitekto estudio bati eskatu diote kokapenen inguruko hirigintza azterketa egitea, eta horretarako hainbat irizpide izango dituzte kontuan: irisgarritasuna, mugikortasuna, lur zati bakoitzaren ezaugarriak, baldintzak, hirigintza kudeaketa eta aparkalekuak, besteak beste.
Hamabi kokapen horiek aztertuko ditu beraz, arkitekto estudioak, eta lehen fase hori amaituta eta emaitzak oinarri hartuta, "bizpahiru kokaleku aukeratuko dira eta horien azterketa egingo da gero, bigarren fase batean". "Ospitaleak behar duen lurzoruaren okupazioaren planteamendua, udalaz gaindiko erremintak, Lurralde Antolamenduko tresnak eta indarrean dagoen Tolosako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren egoera ere aztertuko dira", esan du udalak.
Lehen fasea amaituta lan horren berri emango die udal gobernuak udalbatza osatzen duten alderdiei, eta baita eragileei ere. "Ondoren, udal gobernua Eusko Jaurlaritako Osasun sailarekin harremanetan jarriko da dokumentuaren berri eman eta beharrezkoak diren urratsak egiteko; besteak beste, bigarren fasearekin hasi eta aukeratutako eremuen azterketa sakona egingo dute eta behin behineko eremua zehaztu".