Krisia eta koronabirusa

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Lizarralde, Gazte Koordinadora Sozialistako kidea 2020ko aza. 19a, 19:58

Badirudi bizitzen ari garen guztia koronabirusaren ondorio dela, errealitatean birusak bakarrik eragingo balu bezala azaltzen digute guztia komunikabideetan. Langabezia tasa handiak, pobrezia, miseria material eta kulturala, gizartea nola kudeatu erabakitzeko askatasun falta… esaterako, birus baten ondorio soila izango balira bezala. Baina ez ote da hau lehendik zetorrenaren azkartze soil bat?

Gazte Koordinadora Sozialistako kideok argi daukagu: ezinbestekoa da bizitzen ari garenaren gaineko irakurketa politiko bat egitea, eta testuinguru honetan bi elementu azpimarratzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Batetik, kapitalismoaren krisialdi ekonomikoa, pandemiaren aurretik ere nabarmena zena, eta bestetik, koronabirusaren krisia, eta horren ondorioz ezarritako neurri guztiak, biltzeko, mugitzeko, eta antolatzeko eskubidea muturreraino murriztu dituztenak.

Momentu honetan Gazte Koordinadora Sozialistak «Burgesiaren Zuzeneko Diktadura Gelditu» salaketa kanpaina jarri du martxan. Egun batetik bestera jendartearen eskubide zibil eta politikoak muturreraino murriztu dira, eta daukagun eskubide bakarra, hartu diren neurri hauek obeditzea da, askatasun zibil eta politikoen murrizketen, poliziaren jazarpenaren, nahasmen orokortuaren eta beldurraren eraginez egoera honi beste irtenbide bat emateko inongo aukerarik gabe uzten dutelarik langilegoa.

Ezarritako neurri guztiak berriz, jendartearen osasuna bermatzeko eta osasun sistemak ez kolapsatzeko pentsatu dira berez. Baina zer du jendartearen osasuna bermatzetik, edozeren gainetik gutxi batzuen irabazi ekonomikoetan oinarritzen den gizarte ereduak? Edo non gelditzen da osasuna, pertsonak merkantzia bezala tratatzen diren bizi eredu batean? Zer zerikusi dute osasunarekin bakardadera eta isolamendura bultzatzen gaituzten neurriek? Eta ospitaleak ez kolapsatzeari dagokionez, zergatik ez dira nahikoa azpiegitura bideratu beharrei aurre egiteko birusarekin elkarbizitzen goazen bederatzi hilabete hauetan? Eta XXI. mendean garatuta dauden jakintza eta teknologia baliabideak birusari aurre egiteko bideratu?

Erantzuna ikusten ari gara zein den: inbertsio guzti hauek egiteko boterea, baliabideen kontrola duen oligarkia finantzarioari eta enpresari handiei ez zaielako interesatzen. Lehentasuna irabazi ekonomikoetan zentratzen delako, eta zentzu horretan, ekoizpen prozesua berrantolatzen ari delako krisialdi ekonomikoari aurre egin eta ziklo berri bat irekiz.

Gazte Koordinadora Sozialistak argi du: Osasunaren auzia gaixotasunak sendatzetik harago doa, eta gizarte kapitalista ez da jendartearen osasuna bermatzeko antolatzen den gizarte eredu bat, gutxi batzuen irabazi ekonomikoak bermatu eta handitzeko antolatzen dena baizik. Horregatik, mobilizazioak deitzen eta «Zuzeneko Diktadura» salatzen jarraituko dugu, zintzotasunez eta umiltasunez gure helburu estrategikoa den gizarte eredu sozialistaren alde ekarpenak egiten.

Osasungintzaren larritasunaz gain, kapitalismoaren berrantolaketaren mehatxua da bizitzen ari garena. Horregatik azaroaren 21ean, berriz ere kalera irtengo gara Tolosako Triangulotik 18:30ean aterako den manifestazioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!