Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna 2020

«Zapalkuntza egoerarekin amaitzeko modu bakarra antolakuntza politiko sozialista da»

Ataria 2020ko aza. 19a, 19:59

Emakumeenganako indarkeriarekin amaitzeko sistema kapitalista gainditzea beharrezkotzat jo du Itaiak; Maria Gonzalez eta Ane Calegain Itaiako kideek azaldu dutenez, A25aren harira, hitzaldia eta elkarretaratzea egingo dituzte.

Larunbatean, 17:00etan, hitzaldi bat antolatu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak indarkeria matxistaren inguruan. Tolosako Zerkausian izango da, eta Maria Gonzalez eta Ane Calegain Itaiako kideek azaldu dutenez, indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntzaren beharraz arituko dira. Horrez gain, azaroaren 25ean, elkarretaratzea egingo dute 18:00etan, Trianguloa plazan.

Azaroak 25aren bueltan, kanpaina bat abiatu duzue.

Maria Gonzalez: Bizitza biolentoen aurrean, gaitasun sozialistak antolatu lemapean abiatu genuen kanpaina, sistema kapitalistak berezkoa duen biolentzia, eta zehazki indarkeria matxista salatzeko asmoz. Izan ere, sistema kapitalistan langileok ez daukagu gure bizitzen gaineko kontrolik. Botere burgesarekiko erabat menpeko gara, eta biolentzia egunerokotasunean pairatzen dugu, kapitalismoaren berezko ezaugarri bat baita honakoa. Biolentoa da egunero lanera joatera behartuak izatea soldata baten truke, etxera jana eraman ahal izateko edota etxetik bota ez gaitzaten. Aurkitzen garen krisi testuinguruan gainera, agerikoa da ematen ari den proletarizazio prozesua, langileon bizi baldintzak nabarmen okertzen ari direlarik. Indarkeria matxista ere egiturazko biolentzia horren baitan kokatzen dugu. Pandemiaren testuinguruan gainera, nabarmentzekoa da eman den erasoen gorakada, isolamenduak eta ezegonkortasun ekonomikoak indarkeria testuinguruak errazten baititu.

Emakumeak antolatzeko beharra ikusi duzue?

Ane Calegain: Bai, emakume langileon gaineko zapalkuntza forma ororekin, eta orokorrean, langileria guztiaren esplotazio eta zapalkuntza egoerarekin amaitzeko modu bakarra antolakuntza politiko sozialista dela ulertzen dugu. Izan ere, egungo gizarte kapitalista gainditu eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraikitzeko ezinbestekoa zaigu langileriaren antolakuntza. Zentzu horretan, gaurdanik emakume langileon antolakuntza gorpuztea dagokigu: jasaten ditugun erasoei erantzuteko, emakume langileon bizi baldintzak hobetzeko, gaitasun politikoak garatzeko...

Indarkeriaren aurkako borroka lehen lerroan duzue?

M. G.: Noski. Itaiaren helburua emakume langileon emantzipazio erreala gauzatzea da, eta horretarako gaurdanik hasi behar dugu jasaten dugun zapalkuntza forma bakoitza borrokatzen. Indarkeria matxistak emakumea egunerokotasunean erasotzen du. Pandemiarekin batera areagoturiko isolamenduaren eta pobrezia orokorraren testuinguruan gainera, esan genezake are garrantzitsuagoa eta urgentziazkoagoa bilakatzen dela indarkeria matxistaren aurkako borroka.

Azaroaren 25a dela eta zein irakurketa egiten duzue?

A. C.: Emakume langileonganako indarkeria ezin dugu auzi isolatu bezala ulertu, egiturazko biolentziaren baitan baizik. Hau da, sistema kapitalistari berezkoa zaion biolentziaren baitan, emakume langileon aurkako indarkeriak hartzen duen forma zehatza da indarkeria matxista. Indarkeria honek emakumea subjektu azpiratu gisa mantentzea ahalbidetzen du. Hori horrela, klase boteredunak, burgesiak, etekin ekonomiko zein politikoak ateratzen ditu. Alde batetik, emakumea ekonomikoki debaluatua den subjektu zapaldu bezala mantentzen du, soldata baxuagoak jasoz, lan baldintza prekarioenetan lan egitera bideratuz, langileon erreprodukziorako beharrezkoak diren etxeko lanak dohainik egiterakoan burgesiari gastu hori aurreztuz, etab. Bestetik, langileon arteko etsaitasuna elikatuz eta emakumeon gaitasun politiko zein sozial oro blokeatuz, langileon antolakuntza politikoa oztopatzen du. Argi dago beraz, indarkeria matxistak funtzio garrantzitsua betetzen duela botere burgesa mantentzeko.

M. G.: Hala ere, emakume langileok egunerokotasunean jasaten ditugun eraso asko langile klasearen parte direnengandik jasaten ditugu, erasotzaile sexualak edota senar autoritarioak kasu, beste hainbaten artean. Figura hauek, zeinak klase kolaboratzaile bezala identifikatzen ditugun, sistema kapitalistaren betikotzea ahalbidetzen dute, emakumeonganako zapalkuntza gauzatuz.

Zein dira eman beharreko pausoak emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitzeko?

A. C.: Emakumeonganako indarkeriarekin amaitzeko beharrezkoa zaigu sistema kapitalista gainditzea, eta harreman eredu sozialista ezartzea. Bide horretan, emakumea klase borrokara batzeko gaitasun sozialistak antolatzea da gure apustua. Horretarako emakume langileok egunerokotasunean jasaten dugun indarkeria kasu bakoitzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatu behar ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!