Saharar herriari babesa emateko, Trianguloa plazan elkartuko dira

Josu Artutxa Dorronsoro 2020ko aza. 18a, 07:59

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidenteak 1991ko su-eten konpromisoa amaitutzat eman ostean, gerra egoera ezarri eta gatazka gogortu da Mendebaldeko Saharan

Fronte Polisarioak gerra egoera ezarri zuen larunbatean Mendebaldeko Saharan, Marokok 1991n sinatu zuen su-etena urratutzat eman ostean. Mauritania eta Mendebaldeko Sahara arteko Guerguerateko mugan sahararrak egiten ari ziren protestarekin amaitzeko Marokoko militarrek burutu zuten ekintzen ostean sortu zen guztia. Bada, Fronte Polisarioak adierazi du Marokoko armadaren zazpi base militarri egin dietela eraso, eta «hainbat militar» marokoar hil dituela. Marokok, berriz, gezurtatu egin du inor hil dutenik.

Marokoko iturri horien esanetan, Fronte Polisarioaren indar armatuek ez diete eraso egin harresian, eta gaineratu dute soilik «istiluren bat» izan dela. Ofizialki, Marokok ez du gerra oharrik argitaratu. Fronte Polisarioak, berriz, bonbardaketen berri eman du.

Ibrahim Ghali Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearen erabakiz, Fronte Polisarioak hautsitzat jo du Marokorekin 1991n sinatu zuten suetena, eta, hortaz, larunbatean gerra egoera ezarri zuen Mendebaldeko Saharan, gatazka gogortzea ekarriz.

Hori dela eta, Saharako herriari babesa erakusteko, mobilizazio ugari egin dituzte asteburuan, Euskal Herriko hainbat tokitan. Besteak beste, ehunka lagun bildu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Saharan duten legez kanpoko okupazioa salatu, eta autodeterminazio eskubidea gauzatu dadila eskatzeko. Eragile askok babestu dituzte protestak, eta saharar errefuxiatu ugarik hartu dute parte. Bada, helburu berarekin, elkarretaratzea egingo dute, gaur, Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta. 18:30ean izango da, Tolosako Trianguloa plazan.

Elkartasun keinuak

Elkartetik diotenez, oso garrantzitsua da erakunde politikoek, hala nola, Espainiako Gobernuak, Marokokoak, Europar Batasunak edota Nazio Batuen Erakundeak, erantzukizunak hartzea afera honen inguruan. «Horrez gain, Fronte Polisarioa, saharar oro eta Mendebaldeko Sahararen aldeko kolektiboak ere hausnarketa bat egin beharrean gaude. Fronte Polisarioak eta saharar herritarrek beraiena egin beharko dute, baina, guri dagokigunez, mezu askoz ere irmo eta garbiagoa eman beharko genuke», nabarmentzen du Agustin Agote Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak. «Kolektibo honen partaide asko oso eroso sentitzen dira laguntza humanitarioaren arloan, baina garbi eduki behar dugu injustizia honen konponketa beste bat dela, politikoa dela, legedia betetzetik etorriko dela, injustizia hau ezabatzetik etorriko dela, ez beste inondik», gaineratu du.

Gerrak eztanda orain egin arren, afera hau «oso aspaldiko kontua» dela azpimarratu du Agotek. «Tartean salaketa asko izan dira sahararren aldetik, baina, beste askotan bezala, inork ez die jaramonik egin orain arte. Saharar herriak bere partea bete du, eta oso garesti ordaindu. Bestalde, okupatzaileak, eremuko lehengaien ustiapenaren bidez, etekin ekonomiko handiak lortu ditu, eta atzerrian bere indarrak handitzeko balio izan dio».

Eskualdeko zenbait herritako udalek ere, bat egin nahi izan dute babes keinuekin. Horrela, saharar banderak jarri dituzte udaletxetako balkoietan. Bestetik, Amasa-Villabonako EH Bilduk, Sahararen autodeterminazio eskubidearen eta bakearen aldeko adierazpen instituzionala aurkeztu du udalean, datorren asteko udalbatzan landu eta bozkatu dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!