Langile guztiak publikoak izango diren sistema bat eskatu dute grebalariek

Ataria 2020ko azaroaren 17a

Zaintzako sektorean greba eguna dute gaur, ELA sindikatuak deituta; goizean elkarretaratzea egin dute  Tolosako Trianguloa plazan.

Zaintza profesionalen sektorea publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan dadila aldarrikatzeko elkartu dira berrogeita hamar pertsona inguru, goizean, Tolosako Trianguloa plazan. Zaintza sektorean greba eguna dute gaur, ELAk deitutako 24 orduko greba eguna. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak %100ean bete behar izateak, langile gehienak grebarako eskubiderik gabe utzi izana salatu du Alazne Mantxola Goierri eta Oriako ELAko arduradunak.

Elkarretaratzea amaitzean Onintza Goenaga zaintza sektoreko langileak hartu du hitza, eta esan du gutxieneko zerbitzu minimo horiek ezarri izanak argi erakusten dutela "instituzioek zaintza sektoreko enpresekiko duten erabateko menpekotasuna". Haserre agertu dira, esanez, ratioei buruzko dekretuak egun arrunt baterako eskatzen dituenak baino jende gehiago ari dela gaur lanean gutxieneko zerbitzu gisa.

Neurri berean, gogoan izan dituzte etxeko langileak ere, "grebarako eskubiderik eta oinarrizko lan eskubiderik ez duten horiek". "Kasu askotan, gainera, esplotazio eta abusu baldintzetan merkantilizatutako zaintzaren funtsezko zati bat osatzen dutenak dira", gehitu du Goenagak.

Zaintza sektorea publiko izatea eskatu dute, izan ere, COVID-19az gain, sistema bera ere egoeraren erruduntzat jo du Goenagak: "Sistema hau ehunka hildako uzten  ari da, lanera goazenean beldurrez goaz, izan ere, gu eta gure osasuna arrisku larrian jartzen ari garenaren jakitun gara". Lankidetza publiko-pribatuak ezkutuan uzten dituenak ere salatu ditu: "Plantilla guztiz eskasak eta gizagabeak dauzkagu, egutegi gizagabeak, hilabete bukaerara iristea bermatzen ez diguten soldatak, baliabide materialetan eta babes neurrietan ez dute inbertitzen, arreta eskasa eta gizatasunik gabea ezkutatzen da eta pribatizaziorako apustu sendoa egiten dute".

Sistema aldaketa eskatu dute, "non esklabotzatik, klandestinitatetik edo prekarietatetik aterako dituen milaka emakume, gizarte osoaren zainketen pisua gure bizkarrean kargatzen dugun milaka emakume". Interes kapitalista eta alderdikoien aurrean blindatuta egongo den sistema "ezinbestekoa" dela ere esan dute. 

Besteak beste, langile guztiak publikoak izango diren sistema eskatu dute, plantilla zabalak eta hurbilekoa eta goxoa izango den zaintza bermatuko dituena. Lan baldintza duinak ere eskatu dituzte, eta genero arrakala ezabatzeko "benetako neurriak" eskatu dituzte. Laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak dituen sistema ere izan behar duela diote, eta era berean, langileentzako erreparazio emozionalerako plan bat duen sistema ere barnebildu behar dela exijitu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!