Kale Kantoitik

Testuingurua

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Usandizaga 2020ko aza. 16a, 11:34

Mundu osoko eta kultura askotako jendea ezagutzen hasten garenean ohartzen gara zein ezberdinak garen elkarrekiko.

Hitz egiteko moduak, egunerokotasuneko ekintzak, jateko ohiturak… Asko aldatzen dira pertsona bakoitzaren bizitokiaren arabera. Ia denok moda berdinen eraginpean egon arren, janzteko ohiturak ere oso ezberdinak dira, eta mundu osoan zehar ohikoak izatea espero ditugunak ezezagunak izaten dira leku askotan.

Logika horri jarraituz, euskaldunok ere makina bat bereizgarri ditugu. Horietako bat, eta askotan entzun behar izaten duguna, euskaldunok hotzak garela da. Harremanak ezartzeko orduan hasieran deskonfiantzaz jokatzen dugu, baina eroso sentitzen garen momentutik gure jokaera guztiz aldatzen da. Kosta egiten zaigu kanpokoa onartzea, baina behin gure egiten dugunean, gu izaten gara babesle handienak.

Lituanian igaro ditudan hilabete hauetan ohartu naiz bertako herritarrak euskaldunon oso antzekoak direla zentzu horretan. Hasieran kosta egiten zaie jende berriarekin hartu-emana edukitzea, baina behin muga hori igarota, familiako beste kide bat izango bazina bezala zaintzen zaituzte.

Euskal Herria eta Lituania parez pare jarriz gero, ezinbestekoa da bien testuinguru eta iraganari begiratzea. Lituania duela hogeita hamar urte arte Sobietar Batasunaren agintean zegoen. Bertatik ateratzea lortu zutenean, gainerako herrialdeen bizimoduari heltzen saiatu ziren. Gainerako herrialdeen bizi-ohiturak eta erritmoa harrapatzen saiatu ziren. Mundu berri horretan herrialde bat gehiago izaten saiatu ziren.

Gainera, Sobietar Batasunetik atera zirenean bakarrik ezagutu zituzten ordura arte ezezagunak ziren askatasunak. Askatasunak herrialde bezala, erabakiak hartzeko, iritziak adierazteko, bakoitzak bere burua ondo ulertu eta ezagutzeko… Beraz, ez da harritzekoa, hainbeste urte itzalpean igaro ondoren, mundu berriaren aurrean hain mesfidati agertzea.

Orain dela mende laurden bat arte gehiengoak egiten zuenaren aurka egiteagatik zigortzen zituzten. Hainbeste sufritu duen herrialde bat ezin da alderatu betidanik askea izan den batekin. Bakoitzak bere denbora behar du guztiz osatu, askatasun oso batetaz gozatzen ikasi, eta kanpotik datorren guztia etsai bezala ez ikusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!