Zaintza sektorean greba deitu du ELAk azaroaren 17rako

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 13a, 14:00

Asteartean, greba egunean, elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean, Tolosako Trianguloa plazan. ELAk dei egin diete herritarrei mobilizazioan parte har dezaten.

ELA sindikatuak grebara deitu du azaroaren 17rako zaintza sektorea, "zaintza sistema publiko baten alde eta pandemiari aurre egiteko berehalako neurrien alde". Zahar egoitzak, eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako arreta zentroak, adingabeenak edota baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonak zaintzen dituztenei egin diete deialdia.

Zaintzaren sektorea publiko izatea eskatu nahi dutela azaldu du Alazne Mantxola ELA sindikatuko arduradunak. Izan ere, gehitu du, zaintza lanak enpresa pribatuen esku kokatzen ari direla geroz eta gehiago, eta zainketak negozio bihurtu nahi dituztela: "Pertsonak erdigunean jarri beharrean,negozioa jartzen dute guztiaren erdian". Pribatizazio horren ondorio nagusia langileen prekarietatea dela ere esan du, eta langile horiek emakumeak direla gainera. "Erakunde publikoek, gainera, ez dute jarraipenik egiten", esan du. "Zaintzaren ardura kolektibizatuko duen zerbitzu publiko bat lortu behar dugu, milaka emakumeren lan baldintzak errotik aldatzeko, eta bizkar gainean daramagun zainketen zama astuna arindu eta birbanatzeko".

Pandemia garaian, sistemaren gabeziak azaleratu egin direla salatu dute. Esaterako, zahar egoitzetako langileak denbora luzez aritu dira borrokan, eta Mantxolak esan du egungo krisiarekin agerian geratu dela eskatzen zutenak zentzua zuela.

Grebarako aldarriak

  1. Egoitzak, eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza, desgaitasunaren arloa, adingabeen zentroak... publiko bihurtzea.
  2. Plantilla lehengoratzea, subrogazioa bermatuz eta zuzeneko zein azpikontrataturiko enplegua (behin-behinekoa ere bai) finkatuz kontratu finko eta lanaldi osokoen bidez.
  3. 10.000 langile kontratatzea, zainketa eredu berri bat abiarazteko. Zainketa sistemaren erdigunean erabiltzaileak eta langileak jarri behar dira.
  4. Zainketa eredu berriak oinarri hartu behar ditugu: hurbiltasunean, kalitatezko tratuan eta pertsonen autonomiarekiko errespetuan oinarritutako zaintza eredua.
  5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetzea, egunean gutxienez 120 minutuko arreta pertsonalizatua bermatzearren. Bajak lehen egunetik ordezkatu behar dira.
  6. Lan osasuna bermatzeko neurriak: prebentzio protokoloak langileen ordezkaritzarekin adostasunez eguneratzea eta aplikatzea, eta banakako babes neurriak hartzea.
  7. Langileentzako erreparazio emozionalerako plangintza bat, pandemia uzten ari den ondorio larriak neurri batean arintzeko.

Datorren asteartean, grebarekin bat eginez, mobilizazioak egingo dituzte eta eskualdeko kasuan, elkarretaratzea egingo dute, 11:30ean, Tolosako Trianguloa plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!