"Autonomiarik ez duen subjektua da ikasleria"

Ataria 2020ko aza. 12a, 16:41

Elkarretaratzea egin dute eguerdian Ikasle Abertzaleek, pandemiaren inguruko neurriak salatu eta haien gaur egungo egoera azaltzeko.

COVID-19aren bueltan hartu berri diren neurriak salatu dituzte, beste behin, Ikasle Abertzaleek. Neurri horiek ez dutela pandemiarekin amaitzea bilatzen esan dute: "Ezin dugu taldean kirolik egin, baina hirurogei pertsonako klaseetara joatera behartzen gaituzte, besteak beste".

Hartutako neurriak gizartearen "gehiengoaren pobretzea" dakarrela salatu dute. Krisi kapitalista sakondu duen pandemiak eszenatoki berri bat ireki duela diote, "pobrezian eta errepresioan oinarritzen dena". Proletariotza "hazten" ari dela esan dute, pobreziara "kondenatuta" dagoela. "Hori gutxi balitz, proletario antolatuak ez du inongo eskubide zibil, politiko eta juridikorik, alegia, militante sozialistok ez dugu politika egiteko berme legalik, beraz, bai zentzu ekonomikoan, bai zentzu politikoan kondenatuak gaude", gaineratu dute.

Era berean, hezkuntza sisteman "areagotzen eta egonkortzen ari den autoritarismoaren aurka" ere aritu dira. "Ikasle langileon bizitzaren gaineko kontrol osoa du gizarte burgesak; eskolara joatera behartuta gaude; klase partikularrak jasotzera behartuta gaude, behar den lekuan ez digutelako nahikoa erakusten; zazpi ordu ikasketa zentroan pasa ondoren etxean ikasten jarraitzera derrigortzen gaituzte... Autonomiarik ez duen subjektua da horrela ikasleria". Modu horretara ikasleria "erabat otzana" sortzen ari direla salatu dute.

Azken boladan gazteria COVID-19aren "errudun zuzentzat" jotzen dela ere esan dute. Haiek ez direla errudunak, errudun nagusia oligarkia finantzieroa dela, "langileon osasuna eta askatasuna albo batera utzi duen bera". Amaitzeko, esan dute antolakuntza komunista izango dela egoera honetan haien askatasun erreala eskuratzeko berme bakarra. 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!