Jakak eta Altuna III.ak aurkari gogorrak dituzte asteburuan

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 12a, 10:59
Erik Jaka eta Mikel Urrutikoetxea, atzo egindako pilota aukeraketan. BAIKO

Buruz Buruko Txapelketan, Jakak Urrutikoetxearen aurka jokatuko du, eta Altuna III.ak Ezkurdiaren kontra.

Buruz Buruko Txapelketa final-laurdenetara iritsi da eta lehian jarraitzen duten bi pilotariek aurkari gogorrak dituzte: Erik Jaka lizartzarra Urrutikoetxearen aurka ariko da, larunbatean, Bilboko Bizkaia frontoian, eta Jokin Altuna amezketarrak Ezkurdia izango du aurkari, igandean, Eibarko Astelena frontoian.

Atzo izan zuen pilota aukeraketa Jakak, eta gustura azaldu da emaitzarekin: «Lau pilota egokiak dira. Nik bilatzen nuena segituan aurkitu dut, eta oso gustura, eta berak aukeratu dituenekin ere kontentu». Lehen aldiz jokatuko du buruz buru Urrutikoetxearen aurka lizartzarrak. «Ez dut beraren aurka jokatu, ez binaka ez bestela, uda honetara arte. Caixabank Masterseko partida bat jokatu nuen, eta orain partida potoloa dator bere aurka». Urrutikoetxea pilotari osoa dela aitortu du Jakak: «Pilotariren bat osoa bada, Mikel bera da. Postura guztiak dominatzen ditu, fisikoki ondo iristen dena, opari gutxi egiten dituena, eta aukerak aprobetxatzen dakiena. Azken urteetan ez du zorte handirik izan lesioekin-eta, baina horrek ez du bere pilota maila jaitsi. Dudarik gabe buruz buru dagoen kontrariorik gogorrenetako bat da, txapelerako faboritoetako bat, baina hori nik motibazio estra bezala hartzen dut».

Larunbateko partidan bere jokoa egiten saiatuko dela esan du Jakak: «Agresibo izaten, aukera bat sortzen dudanean hori aprobetxatzen, bestela Mikel piloteoan eta partida luzeetan oso eroso sentitzen da, eta min egin nahi badiot joko azkarra egin beharko dut». Bakaikoaren aurkako partidan irabazteko asko sufritu behar izan zuen Jakak eta larunbaterako argi du zer ikasi duen: «Nire jokoarekin oraindik eta garbiago ikusi nuen zein den. Lehen partean estrategia okerrarekin hasi nintzen, eta pausoak aurrera egin beharrean atzera egiten aritu nintzen. Horrekin aurkariari denbora gehiago ematen nion pentsatzeko eta garbi dago lehenengo mailan pentsatzeko denbora uzten baduzu, denek min egiten dizutela. Bigarren partean taktika aldetik hobeto jokatu nuen, eta hori egiten saiatuko naiz».

KONFIANTZAZ DAGO ALTUNA

Gaur egingo dute pilota aukeraketa Altunak eta Joseba Ezkurdiak. 2018ko finalerdietan jokatu zuten buruz buruz elkarren aurka eta orduan Altunak irabazi zuen, eta ondoren txapeldun bilakatu zen. «Partida hura urruti geratzen da», esan du amezketarrak. «Elkarren aurka asko jokatzen dugu pilotariok, eta txapelketaren fase honetan gabiltzan pilotariak urtero momentu ezberdinetan egoten gara. Josebaren aurkako partidak beti izaten dira gogorrak, eta orain beste bat izango dut. Ez dut aurretik jokatu ditudan partiduetan gehiegi pentsatzen». Fase honetan dagoeneko pilotari asko direla aurkari gogorrak uste du Altunak: «Txapeldun asko daude, eta pilotari asko daude oso gogorrak eta onak, eta ez diot garrantzi berezirik ematen noren kontra jokatuko dudan. Ni saiatzen naiz nire jokoan zentratzen eta nire onena ateratzen».

Lau eta erdiko azken bi finaletan elkarren aurka jokatu dute Altunak eta Ezkurdiak. Egungo buruz buruko txapelketan egiten den jokoak antzekotasun handia du kaiolakoarekin. «Sakeak egiterakoan beste mota batekoak egin ahal dituzu, baina fisikoki bi distantziak dira gogorrak. Aurrelariak ohituta gaude gaur egun binakako partidetan ere asko airez jotzera, eta alde horretatik banakoan egiten den jokoa ez da berria guretzat. Baina ezberdinak ere badira bi distantziak», zehaztu du Altunak.

Amezketarra konfiantzarekin dagoela dio, ez bakarrik aurreko asteburuan Peñaren aurka erakutsi zuen jokoarengatik: «Konfinamendutik bueltatu ginenetik oso gustura sentitzen naiz». Halere, aurretik egindakoak ez duela balio dio. «Frontoira ateratzen zarenean, aurreko asteburuan egin duzunak ez du balio, momentuan bertan egin beharra dago. Konfiantza dut nire jokoan, baina ez nago konfiatuta. Partida oso zaila dut, eta asko jokatu beharko dut irabazteko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!