Koronabirusaren eragina handia da Aiztondoko bi herrietan. Azken hamabost egunetan 100.000 biztanleko pilatutako intzidentzia tasa 1.540ekoa izan da Amasa-Villabonan eta astebetean 48 positibo izan dira. Zizurkilen, berriz, intzidentzia tasa 1.254 da. "Azken asteotako datuak txarrak eta kezkagarriak dira", esan du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak.
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo 13 eta 40 urte arteko herritarrek egin ahal izango dute proba ostiralean eta larunbatean Villabonako Behar Zana pilotalekuan. Ostiralean, 15:30etik 21:00etara eta larunbatean 09:00etatik 14:00etara. Aurrez eskatu ahal izango da txanda 943 00 69 70 telefono zenbakian. Bien bitartean, koronabirusaren sintomak eduki ditzaketen herritarrei Osakidetzak eskatu die etxean isolatu eta osasun etxera deitzeko.
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo 13 eta 40 urte arteko herritarrak deitu dituzte PCR proba egitera. Unzuek emandako datuen arabera, 2.800 pertsona izan daitezke, gutxi gora behera. Amasa-Villabonako Udalak adin tartea urtebete aurreratzea eskatu dio Osasun sailari: "Baheketa 12 urtetik aurrerakoek egin ahal izango balute, DBH osoa hartuko genuke". Herritarrek SMS bidez jasoko dute emaitza, agintariek esan dutenez.
Atzo iluntzean jakinarazi zion Osasun sailak Tolosaldeko ESIari baheketa egiteko asmoa zuela Amasa-Villabona eta Zizurkilen. Azken prestaketak egiten ari direla nabarmendu du Amasa-Villabonako alkateak: "Berez gaur goizean hasteko asmoa zuten, baina ESIko arduradunek denbora behar dute dena prestatzeko. Bi herriak koordinatuta ari gara lanean eta baheketa hau aurrera ateratzeko prestutasun osoa daukagu, gure esku dagoen laguntza emango dugu".
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak gisa honetako baheketak egin ditu azkeneko egunetan hainbat herrietan, eta bataz beste, deitutako herritarren %40ak egiten du proba. Agerraldiak geldiarazteko eraginkorrak direla diote osasun agintariek. Amasa-Villabonako alkateak herritarrei proba egiteko deia luzatu die herritarrei: "Denen artean gelditu behar dugu birus hau eta udaletik jendea proba egitera etorri dadin animatzen dugu".
Bideo bidez, mezua zabaldu die herritarrei Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak: