«Urte askoan zerbitzu txiki hau eskaintzen jarraitzea espero dut»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 11a, 19:59

Madrilen urte batzuk eman ostean, 2009. urtean iritsi zen Euskal Herrira Abdelmalek El Haj (Tetuan, Maroko). Familiarekin Zumarragan bizi da, eta egun Tolosaldearekin harreman estua du. Barazkiak eta frutak saltzen aritzen da herriz herri, eta TOLOSALDEKO ATARIA-k postua Ikaztegietan jarrita harrapatu du.

Nolatan hasi zinen barazkiak eta fruituak herriz herri saltzen?

Duela sei urte, langabezia ia bukatzear neukan, eta zerbait egin beharra neukan lan egin eta familia aurrera ateratzeko. Orduan, nire kontura, autonomo moduan herriz herri barazkiak eta frutak saltzen hastea erabaki nuen. Poliki-poliki aurrera noa, eta ia sei urte betetzera noa.

Bazenuen barazki eta frutarekin esperientziarik?

Ez, ez. Inondik inora ere ez. Madrilen fabrika batean egin nuen lan, eta lanik gabe geratzean ez nuen ezer topatzen. Ez zegoen lanik, eta zerbaitetan hasi beharra neukan. Beste zerbait bilatu bitarterako hasi nintzen honetan. Jendeari ideia gustatu egin zitzaion, jendea erostera etortzen hasi zen eta jarraitu egiten dut. Egia esan, oso jende atsegina da herri txiki hauetakoa.

Gustura zaude beraz zure lanarekin?

Bai, bai. Nire lanarekin, eta jendearekin ere bai. Oso pozik nago eta jarraitu egiten dut, beste edozein lanekin egin moduan.

Zumarragan bizi zara, baina Tolosaldera asko etortzen zara.

Bai, horrela da. Aduna, Altzo, Orendain, Abaltzisketa, Albiztur, Ikaztegieta eta Baliarrainen jartzen dut postua.

Nola antolatzen duzu astea?

Egunean bi herritan egoten naiz, goiz edo arratsalde. Goizez bakarrik lan eginda ez dit bizitzeko ematen, eta lanaldia bitan banatuta osatzen dut.

Eta nola banatzen dituzu herriak eta egunak?

Astelehenetan goizez Altzon eta arratsaldez Ikaztegietan egoten naiz. Astearte goiza Olaberrian egiten dut eta arratsaldeetan Orendainera etortzen naiz. Asteazkenetan, goizez bakarrik lan egiten dut eta Adunara joaten naiz. Ostegunetan, berriz, Albizturren goiza eta arratsaldea Abaltzisketan egiten dut. Ostirala hiru orduz lehenik Gabirian egoten naiz, eta gero beste hiru orduz Baliarrainen. Eta bukatzeko, larunbatean, lau orduz, Ataungo San Gregorion aritzen naiz.

Hori da zure astea, beraz.

Bai. Eta larunbat arratsaldea eta igandea jai egiten ditut. Behar da gainera.

Herriak aipatu dituzu, baina herrietara joan aurretik zuk egin beharko duzu barazki eta fruten erosketa.

Bai. Lehenik eta behin biltegira joaten naiz erosketa egitera. Gero furgoneta bete, eta herrietara joaten naiz saltzera. Egunero egiten dut erosketa, eta batzuetan baita egunean bi aldiz ere. Goizean betetzen dut furgoneta, baina batzuetan, eguerdian ere berriz joaten naiz osatzera. Zerbait falta bazait arratsalderako betetzen dut, eta hori da nire eguneroko ogia.

Ia sei urte daramatzazu. Herrietan jada jendea ezagutuko duzu.

Bai, horrela da. Eta jendea oso atsegina da eta erostera etortzen da. Zorionez, orain artean ez dut egun batean ere huts egin, eta ea horrela jarraitzen dugun. Ezin duzu egun batean bai, eta bestean ez etorri. Zerbitzu bat da eta eskaini egin behar duzu. Ez dut inoiz huts egin. Jendeak eskertu egiten dizu, eta jendeak badaki hor zaudela. Eguneroko lana da hau, eta ezin duzu hutsik egin.

Zein da zure bezero mota.

Denetarik dago. Egia da helduak gehiago direla gazteak baino. Jendeak lan egiten du eta... hemen, Ikaztegietan, esaterako, goizean jende gutxi izaten da, jendea lanean dagoelako.

Herritarrek eskertzen dute postua herrian bertan jartzea.

Bai, eta asko gainera, eta baita udaletxeek ere. Zerbitzua eskertzen dute, eta ni ere oso pozik nago eurekin. Jende oso jatorra eta errespetuzkoa da. Ez dut inolako kexarik ez bezeroen aldetik, ezta udalen aldetik ere, eta urte askoan zerbitzu txiki hau eskaintzen jarraitzea espero dut.

Urte berezia doa aurtengoa koronabirusa dela eta. Zure lanean eragin du?

Bai, lehen baino lan gehixeago egiten dut. Gazteek batik bat kanpora atera daitekeenean kanpoan egiten dituzte erosketak, baina orain ia atera ezin denez herrian ikusten zaituzte, eta behintzat barazki eta frutak erostera herritik atera beharrik ez dute, eta etxe ondoan erosten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!