BiziLabe tailerreko jarduerak etxetik egingo dituzte

Ataria 2020ko azaroaren 11

Tolosaldean lehen aldiz jarri da martxan BiziLabe aisialdi jarduera; Tolosan eta Villabonan zentro bana egokitu da horretarako, baina egoerak behartuta online jarraituko dute.

Pandemiagatik hartu berri diren segurtasun neurriak direla eta, azarotik aurrera, Elhuyarrek eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziak antolatutako BiziLabe aisialdi jarduera  online eskainiko da. Hala, Tolosaldeko 10-14 urte bitarteko gazteek zientzia eta teknologia jarduerak euren etxeetan egingo dituzte.

Horretarako, gazteak Elhuyarrek prestatu duen  online plataformaz baliatuko dira. Horrekin batera, hainbat materialez osatutako kit bat izango dute, eta zientzia hezkuntzan espezializatutako gidariarekin eta gainerako ikaskideekin batera, hainbat erronka burutuko dituzte zuzeneko saioetan. BiziLabe  online plataforman, zuzeneko saioez gain, bideoak, argitalpenak, zientzia eta teknologia erronken dokumentu idatziak edota esteka interesgarriak topatuko dituzte, besteak beste.

Elhuyarrek 2011tik landutako metodologiatik abiatuta 10-17 urte bitarteko gazteek zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikako edukietan sakontzen dute BiziLabe ekimenaren bidez.

Tolosaldean BiziLabe eskaintzen den lehen urtea da, eta Tolosan eta Villabonan zentro bana egokitu da. Astean bitan bertaratzekoak ziren gazteak zientzia eta teknologia jarduerak egitera. Aurrerantzean, ordea, telematikoki jardungo dira.

Egoerak ahalbidetzen duenean,  online egitetik aurrez aurreko saioetarako saltoa egingo da berriro, eta tolosaldeko egoitzetan ez ezik, eskualdeko herrietan ere, zientzia eta teknologia jarduerak antolatuko dira, "BiziLabe komunitateak handitu eta sarea sendotzeko asmoz, gazteek zientziarekin eta teknologiarekin orotariko bizipen positiboak izan ditzaten, eta inguruko profesionalak eta profesioak ezagutzeko helburuarekin".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!