Altuna III.ak eta Jakak egin dute aurrera

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 9a, 14:58
Erik Jaka, Bakaikoren aurkako partidan, sakea ateratzera. ASPE

Amezketarrak Peña II.a tolosarrari 22-5 irabazi dio Buruz Buruko Txapelketaren final-zortzirenetan. Jakak partida estuagoa izan du, baina azkenean 22-20 irabazi dio Bakaikoari.

Eskualdeko pilotariek parte hartzen zuten lehen mailako partidetan, biak Eibarko Astelena frontoian atzo jokatutakoak, faboritoak zirenak egin dute aurrera. Altuna III.a eta Peña II.aren arteko eskualdeko derbian, amezketarra nagusitasunez gailendu da, sasoi oinean eta fresko dagoela erakutsiz. Altunak azaldu duenez, "nik oso ondo jokatu dut eta Peñak ez du bere eguna izan. Gustura aritu naiz, azkenaldian ondo nabil, gogoz nago. Gaurko [atzokoa] pasa dut, eta orain datorren asteburukoa prestatzera". Hurrengo partida, final-laurdenetakoa, Ezkurdiaren aurka izango du Altunak.

Jon Ander Peñak, bere aldetik, Altunaren nagusitasuna onartu du: "Jokin normalean urte osoan egoten da horrela, baina uste dut gaur [atzo] oso fresko zegoela, gainera ez du inongo akatsik egin, dena gozatu du, eta horrela zaila da. Berak dena ondo egin du, eta nik eduki ditudan aukera gutxitan ez dut asmatu. Azkenean, gainetik pasa nau".

Jakak oso nekatuta bukatu du partida, markagailuari buelta eman eta gero, une batean Bakaikoa 6-14 irabazten izan baitzen. "Partida zail bati eman diot buelta, eta horrekin geratu behar naiz", aitortu du Jakak. Markagailuan atzetik zihoanean, "pilotan hasi" behar zuela esan du Lizartzarrak. "Ez nintzen ari nire jokoa egiten, batez ere hasieran, botera jokatuz. Gero jakin dut nire jokoa egiten eta pilotan agresiboago sartzen". Partida bukatuta, hurrengo asteburuan pentsatzen hasi beharko duela esan du: "Orduan ere sufritzea tokatuko zait, eta ea susto bat emateko moduan naizen Mikeli". Datorren norgehiagoka Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko du lizartzarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!