Kurriloak formazioan

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2020ko aza. 9a, 11:43

Aste honetarako ez nekien zein gai aukeratu, denok nazka-nazka eginda baikaude koronabirusarekin eta Trump tranposoarekin. Hortik kanpora, zerbait alaia nahi nuen, gure etsipenari, ezinegonari eta rinitis edo katarro nazkagarriei kontrajartzeko. Eta hara! Ikaztegietan, etxe aurreko belardian, berbena-belarrak biltzen ari nintzela rinitisari aurre egiteko, non entzuten dudan goi aldetik “korrro-korrro-korrro” kurriloen abesti goxoa, ia ilunabarrean. Gora begiratu eta hura edertasuna, V luzea ia U maiuskula bihurtzen zena zetorren formazioan, airean.  U handi horren barruan V txikiago pare bat zihoazen alai eta bizi, ilundu baino lehen nonbaiten atseden hartzeko asmotan pentsatzen dut. Izugarrizko poza sentitu nuen, aspaldi samarrean hegaztien eta animalien hotsak eta doinuak askoz gutxiago entzuten baitira gu ume ginenean baino.

Badakizue kurriloa hegazti handi samarra dela, metro eta hamar cm luzeran eta bi metro hegoak zabalik. Hegazti liraina da, lepo eta hanka oso luzeekin, lumajea grisaska, burua beltza, mota gorria eta zuria dituela begi ondotik lepo alderaino.

Baina batez ere bere hegan egiteko eragatik dira bereziak kurriloak, altu egiten baitute hegan, V itxurako formazioan kokatuta normalean. Horrela airearen erresistentzia saihesten dute, txirrindulariek pelotoian bezala. Buruzagi bat joaten da aurrean, ibilbidea markatuz, GPSrik gabe. Hau nekatzen denean, atzera joaten da, aurretik doazenen babesa bilatuz, eta bigarren doana jartzen da multzoaren buruan. Horrela izugarrizko distantziak gainditzeko gai dira. Pentsa Finlandian, Eskandinavian, Estonian eta batzuk Errusian egoten direla udan. Euskal Herrian betidanik esan ohi da kurriloen paseak eguraldi hotza eta elurra ekartzen duela, eta badirudi nahiko iragarle onak direla. Eguraldi txarrak eta hotzak bultzata klima epelagoetara lekualdatzen dira. Batzuetan, talde izugarriak osatzen dituzte. Nik Ikaztegietan ikusi nuenak ia kilometro bateko zabalera izango zuen. Baina talde txikiagoak ere ikusten dira, ezinean ibili direnen hainbat norbanakok osatutakoak, ezinean dabilena ez baitute bakarrik uzten. Oso solidarioak dira eta taldeko batzuk lagunduko diote arazoak dituenari, ahal bada talde handia harrapatu arte, han babestuagoak joaten direlako denak. Eta diotenez, “korrro-korrro-korrro” eginez joaten dira elkar animatuz eta aurrean doanari abiadura mantendu dezan oihuak jaurtiz.

Harrigarria da kurriloen eta migratzen duten beste hainbat hegaztiren jokabidea. GPSrik ez daukate, baina badakite norantz joan behar duten, nondik joan litezkeen, zein eragozpen eta oztopo gainditu behar dituzten. Atseden hartzeko eta elikatzeko lur hartzen dutenean, ezkurrak dituzte gustuko, baina ezkurrik ez dagoenean ereindako landareak eta uztak irensten dituzte, aurrean harrapatzen dutena. Gasolinarik ezean beste nolabaiteko erregaia behar hauek ere. Esandakoaz gain, zizareak, kakalardoak, harrak, igelak, zapoak, arrain txikiak... jaten dituzte. 

Kuriosoak hegazti hauek, elkarlana, taldeko kide guztienganako errespetua, solidaritatea erakusten baitigute, gizakiok baino askoz jatorragoak, bizkorragoak eta burutsuagoak direla erakutsiz. 

Eta hemendik aurrerakoa ez dakit amets egin nuen edo benetan entzun nuen. Hegaztien artetik ahots batek zioen: “Gure senide Ameriketako kurriloek Kanadatik hegoaldera bidean Trump hartuko dute airean eta Bermudetako triangeluan uzteko asmoa dute, han galduta gelditzen den inor ez baita gehiago lur gainean azaltzen”. Lasaitu egin nintzen mezu misteriotsuarekin eta pentsatu nuen: “Kurrilo hauek bai GPSa ongi kokatuta eta ongi ajustatuta. Hauen aparailuak ez du huts egiten nireak bezala.”

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!