Sortu: "Ez dezatela esan dirurik ez dagoela"

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 7a, 13:30

Osasunean inbertsio publikoak biderkatzearekin batera, sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenak babesteko laguntzak handitu behar direla aldarrikatu du Sortuk Tolosako Plaza Zaharrean egin duen elkarretaratzean.

Sorturen ustetan gaur egun bizi dugun osasun egoeraren ardura etxeko lanak egin ez dituzten gobernuena da eta udaberrian herritarrek etxean konfinatuz egin zuten ahalegina birusari aurre hartzeko baliatu ez izana egotzi die: "Egoera honetara iritsi izanaren ardura osoa jendearengan botatzeko interesa dago". Alderdi independentistak uste du ez direla beharrezko inbertsio publikoak egin osasungintza, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan. "Interes ekonomiko jakin batzuen mesedetan gainditutzat eman dute koronabirusa, erlaxamendu orokorra bultzatuz".

Milioi bat biztanleko hildako kopuru handiena duen hirugarren herrialdea da Euskal Herria, Sortuk elkarretaratzean adierazi duenez. "Egoera oso larria da", azpimarratu du. "Europako kutsatze maila altuenetakoa dugu eta ospitaleetatik SOS dei bat egiten ari dira berriz ere. Ipar Euskal Herrian dagoeneko konfinatuta daude eta Hegoaldean egun gutxitan egoera berean egon gaitezke".

Une zail hauetan aipamena egin diete autonomoei, negozio txikiak dituztenei, kultur munduko langile eta sortzaileei, bi edo hiru enplegu dituztenei, hilabete bukaerara iristeko zailtasun dituztenei, osasun langile eta zaintzaileei. "Zuekin gaude eta, orain arte bezala, gure onena emango dugu egoera zail hau lehenbailehen gainditu eta inor bazterrean gera ez dadin".

Elkartasuna eta auzolanerako deia

Birusa geldiarazteko arakatze aparatu indartsu bat osatu behar dela esan du Sortuk, "neurri zorrotzak garaiz hartu behar dira, neurri horiek atzeratzeak birusa deskontrolatu ondoren are neurri zorrotzagoak hartu behar izatea baitakar". Osasun publikoan inbertsioak biderkatzeko eskatzeaz gain, sektore sozial eta ekonomiko kaltetuenak babesteko laguntzak biderkatu behar direla aldarrikatu du: "Krisi hau ezin dugu betikoek ordaindu. Eta ez dezatela esan dirurik ez dagoela, ze badago".

Sorturen esanetan aste gogorrak datoz. "Berriz ere elkar zaintzeko deia egiten dugu, arduraz jokatzekoa. Eta bestetik, inbertsio publikoen alde, laguntza sozialen alde eta funtsean, eraldaketa ekonomiko eta sozialaren alde, burujabetzaren alde mobilizatzen eta borrokatzen segitzeko deia luzatzen dugu. Herri honek duen sen komunitarioa, gure baliorik onenak aktibatzeko garaia da berriz ere: elkartasuna, auzolana eta interes indibidualaren gainetik, interes kolektiboen alde dena ematea. Hori da esperantzaren atea zabaltzeko giltza".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!