Goi tentsioko heriotzak

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 6a, 19:59
Segura inguruan hilda topatutako sai arre bat, linea elektrikoko dorre baten ondoan. Iturria: Mikel Olano

Eguzki talde ekologistak neurriak hartzeko eskatu du linea elektrikoek hegaztiei heriotzarik ez eragiteko. Gipuzkoako basozainek urtean zehar 12-15 kasu inguru zenbatzen dituzte.

guzki talde ekologistak baliabideak eskatu ditu linea elektrikoetan hegaztien heriotzak eragozteko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiei eskatu die hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen jarraipenean eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko. Beste toki batzuetan baino heriotza gutxiago izaten da Gipuzkoan.

Garikoitz Plazaola Eguzkiko kideak azaldu duenez, “talde espezializatu horiek sortzea guztiz bat etorriko litzateke [Espainiako] Estatuko fiskaltzak iazko abuztuan autonomia erkidegoei igorri zien ofizioarekin. Ofizio hartan, fiskaltzak gogorarazi zien abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartzen dituela, hegaztien elektrokuzio eta talka arriskua gutxitzeko”. Plazaolak dio konpainiek uko egin diotela dekretua betetzeari, behin eta berriz: “Entzungor eginez, aurrera jarraitu dute”.

Fiskaltzak autonomia erkidegoei zigorrak ezartzeko eskatzen zien ofizioaren bidez, Eguzkik zehaztu dutenez, eta baita elektrokutatutako hegaztien kasu guztiak fiskaltzari berari helarazteko ere, ingurumenaren aurkako delituak izan daitezkeelakoan. “Halaber, ofizio hartan, Fiskaltzak basozainen lana bikaintzat jo, eta haien baliabideak hobetzea eskatu zuen”, nabarmendu du Plazaolak.

Mikel Olano basozainak azaldu du fiskaltzak erkidegoei belarritik tira egin ondoren jarduteko modua berritu zutela: “Gaur egun, Ingurumen fiskaltzak egindako protokolo bat dugu. Goi tentsioko dorre edo kable baten azpian hegaztiren bat baldin badago, txosten bat osatu behar dugu: hegaztiaren gorpua ikustera joan, argazkiak atera, identifikatu, animalia jaso, kable instalazioa identifikatu, eta abar. Gero, txosten hori fiskaltzara doa”.

Zenbakiei begira

Plazaolak adierazi du linea elektrikoen arazoa “latza” dela hegaztientzat, eta, batez ere, harraparientzat: “Pozoia, tiroak edo auto istripuak baino are latzagoa da. Hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jotzen du 2008ko Errege Dekretuak berak”. Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren arabera, linea elektrikoen eraginez babestutako 33.000 harrapari baino gehiago hiltzen dira urtero estatuan. Bestelako datuak bildu ditu Amigos del Aguila Imperial fundazioak, Banco Santander fundazioarekin lankidetzan egindako ikerketak: urtero, 192.000 eta 337.000 hegazti inguru hiltzen omen dira.

Espainiako Estatuko datuak dira horiek, baina Olanok esan duenez bestelakoak dira Gipuzkoako datuak: “Batetik, hemen harrapari txikiagoak ditugu. Bestetik, jendeak emandako abisuen bitartez izaten dugu normalean heriotzen berri. Eta ez da ohikoena jendea kableen azpialdean ibiltzea”. Hori bai, garbi utzi du gertakari gutxiago izateak ez duela esan nahi hemengo linea elektrikoen instalazioa hobea denik: “Espainian, harrapari handietan du eraginik handiena; adibidez, arrano mota ezberdinetan. Guk, zoritxarrez, ez ditugu hain harrapari handiak Gipuzkoan”.

Urtero 12-15 heriotza ingururen berri izaten dutela dio basozainak: “Sai arreak izaten dira gehienetan, handiak direlako. Amiamoko zuriari ere eragiten dio: migrazio garaian, talde handietan biltzen dira, eta iluntzean posteetan geratzen dira. Gero, hegan egitean izan ohi dira elektrokuzioak. Tarteka, harrapari txikiren bati eragiten die. Hori bai, jasotzen ditugun intzidentziak baino hegazti gehiago hilko dira hemen, baina ez da askoz kopuru handiagoa izango”.

Epe luzeak

Eguzkik neurriak eskatu ditu hegaztiak hil ez daitezen. “Konpainien aurkako sententziak iritsi ziren, eta, testuinguru horretan, 2019ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak eta Iberdrolak linea elektrikoak egokitzeko hitzarmen bat izenpetu zuten”, esan du Plazaolak, baina gaineratu du “oso atzeratuta datorrela eta eskasegia dela”.

Hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi tentsioko 250 dorre egokituko ditu hiru urtean. “Alabaina, Ingurumen Sailak egin duen inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan; alegia, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan”, dio Plazaolak. “Beraz, hiruko erregela egin bezain azkar konturatuko gara arazoa ez dela soilik oso berandu hasiko direla dorreak egokitzen, baizik eta erritmoa bizkortu ezean 28 urte itxaron beharko dugula 2008ko dekretua beteta ikusi arte”.

Olanok eskatu du Iberdrolak egokitzapenak “ahal den azkarren” egitea: “Intzidentziak egon ala ez. Gipuzkoako hiru parke naturaletan aspalditik eskatuta dago hau konpontzea. Onartua dago, baina ez dakigu noiz egingo den”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!