Larunbatean jarriko dira indarrean LABI batzordean adostutako neurriak. Ostalaritza ixteko erabakiaz galdetuta, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak esan du adituen eta profesionalen gomendioei jarraituz hartu dela erabakia, "jakitun izanik ekonomiaren alorrean neurriak duen eragina". "Ostalaritzaren sektorea ez da erruduna, baina, kutsatzeak areagotu egiten dira harreman sozialen ondorioz, eta hori bereziki ostalaritzan ematen da", esan du.
Urkulluk esan du gero eta "handiagoa eta kezkagarriagoa" dela birusaren transmisioa, eta ondorioz, ospitaleetako okupazioa igotzen ari dela. "Ez dago kolapsoa izateko arriskurik, baina, bai mehatxua", esan du. Hala, mugikortasuna eta bizitza soziala ahalik eta gehien murriztea eskatu du Urkulluk, "konfinamendu berri bat saihesteko".
Ondorengoak dira larunbatetik aurrera indarrean egongo diren neurri berriak:
- Gaueko 22:00etatik goizeko 06:00ak bitarte ezingo da etxetik irten ez bada lan edo osasun kontuengatik.
- Tabernak eta jatetxeak itxi egingo dira. Kanpoan geratzen dira hoteletako eta beste ostatu batzuetako jantokiak, egoiliarrei zerbitzua emateko. Jatorduak etxez etxe prestatu eta zerbitzatu ahal izango dira, aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Gasolindegietan, osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan, eskola-jantokietan, lantegi eta jantoki sozialetako zerbitzu-guneetan sartzen diren jatetxe-zerbitzuak kanpoan geratzen dira.
- Jarduera sozioekonomikoak 21:00ak arte mugatuko dira, farmazia eta gasolindegietan izan ezik.
- Kultur jardueretan aforoa %35era mugatuko da, eta ekitaldiak 21:00ak baino lehen bukatu beharko dira.
- Taldeko kirol jarduerak eten egingo dira, lehiaketa profesionalak edo erdi profesionalak izan ezik. Ikastaroak edo programatutako jarduerak gimnasioetan, kirol klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan egin daitezke, betiere maskararekin egiten badira, gehienez sei laguneko taldeetan eta gehienez %40ko aforoarekin.
- Joko eta apustu etxeak itxi egingo dira.
- Garraio publikoan lurralde historikotik ateratzeko gehieneko ordutegia 22:30ak izango da.