Ane Urkizu eta Miren Larrarte Binakako Txapelketan ariko dira

Ataria 2020ko aza. 5a, 17:59

Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa bertan behera geratu ondoren, beste txapelketa bat egiten hasiko dira asteburu honetatik aurrera.

Nafarroako eta Errioxako pilotariek euren herrialdeetatik irten ezinda eta beste zenbait euren etxeetan bakarturik zirela eta, Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa bertan behera utzi behar izan zuen antolakuntzak. "Bizi dugun ez ohiko larrialdi egoera honek sekula baino malguagoak izatera behartzen gaitu eta hala, binakako txapelketa malgu eta alternatibo batek beteko du datozen asteetan kaiolak utzitako hutsunea, emakumezko pilotariek frontoietan lehiatzen jarraitu ahal izatea bermatuz", azaldu dute antolatzaileek. Bertan parte hartuko dute Ane Urkizu berastegiarra eta Miren Larrarte bidaniarrak. Txapelketa guztia pilota mistoarekin jokatuko da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailaren oniritzia jasota, asteburu honetan ekingo zaio Guardian eta Legution, abenduaren 20ra arte luzatuko den txapelketa berritzaile honi. "Egoera bereziek erantzun bereziak behar dituzte eta horrexegatik, bidean sor daitezkeen oztopoei irtenbideak errazago eman ahal izateko asmoarekin, hasiera batean irekia zen txapelketa gonbidapen bidezko lehiaketa bihurtu da eta buruz buruko norgehiagoka binakakoa, edozein positibo edo bakartze neurriren aurrean ordezkapenak errazago moldatu ahal izateko esperantzarekin", zehaztu du antolakuntzak.

Denera, bi multzotan banatutako zortzi bikotek, 16 pilotarik, hartuko dute parte. Andrea Aldaregia (Latasa)-Olatz Ruiz de Larramendi (Eulate), Patri Espinar (Usansolo)-Naroa Agirre (Arroa), Olatz Arrizabalaga (Gernika)-Ane Urkizu (Berastegi) eta Iera Agirre (Leitza)-Arrate Bergara (Bergara) arituko dira A taldean. Leire Garai (Gasteiz)-Gentzane Aldai (Orozko), Miren Larrarte (Bidania)-Nora Mendizabal (Andoain), Ainhoa Ruiz de Infante (Otxandio)-Miriam Arrillaga (Aginaga) eta Amaia Aldai (Dima)-Oihana Orbegozo (Azpeitia) izango dira B taldea osatuko duten bikoteak. Multzo bakoitzeko lehen bi bikote sailkatuek finalerdiak jokatuko dituzte abenduaren 6an eta, dena ondo, finala abenduaren 20rako iragarrita dago, Arrigorriagan.

Txapelketa asteburu honetan hasiko da. Larunbatean, Guardian, 18:00etan hasita Aldaregia-Ruiz de Larramendi /Espinar-Agirre eta Iera Agirre-Bergara /Arrizabalaga-Urkizu partidak jokatuko dira. Igandeko jaialdia, aldiz, Legution izango da, ETB-1eko kamerak zuzenean direla, 12:00etatik aurrera. Garai-Aldai/ Ruiz de Infante-Arrillaga eta Larrarte-Mendizabal /Amaia Aldai-Oihana Orbegozo izango dira jokatuko diren partidak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!