Egunean egunekoa

Imanol Garcia Landa 2020ko aza. 5a, 11:58

Futboleko 1. Maila Nazionaleko Tolosa CF-k ligako lehen partida jokatu zuen Berazubin.

Eskualdeko kirol talde nagusiak ezohiko denboraldi hasierari ari dira aurre egiten. Horien artean saskibaloi taldeak dira oraingoz liga geratuta dutenak.

Aurreko denboraldiak ezohiko bukaera izan zuen, eta 2020-2021 denboraldia, berriz, ezohiko hasiera izaten ari da. Futbolean, saskibaloian, areto futbolean eta eskubaloian egoera ezberdinak bizi dituzte eskualdeko talde nagusiek, baina guztiek dute ziurgabetasun sentsazio hori, egun batetik bestera neurriak aldatu eta beste egoera berri batera egokitu behar izatearena.

FUTBOLA

Tolosa CF-ko bi talde nagusiek, emakumezkoen 1. Maila Nazionalekoak eta gizonezkoen Hirugarren Mailakoak, martxan dituzte euren ligak. Espainiako federazioak kudeatzen ditu beraien ligak, eta ez zaizkie oraingoz partidarik bertan behera geratu.

Hirugarren partidan garaipena lortu zuen aurreko asteburuan Hirugarren Mailako taldeak, Real Sociedad C taldeari 1-3 irabazita. «Partida garrantzitsua izan da, lehen garaipena delako eta aurrera begira konfiantza ematen digulako», zehaztu du Mikel Arruabarrena entrenatzaileak. Asteburu honetan atseden eguna egokitzen zaio Tolosari. Aste honetatik aurrera test azkarrak egin beharko dituzte, federaziotik horrela zehaztu dietelako. Astero egitea egokituko zaie.

Bi partida jokatu dituzte 1. Maila Nazionaleko taldekoek, lehenengoa galduz eta bigarrena berdinduz. Aurreko asteburuan liga osoak atsedena hartu zuen. «Tarteka asteburu batzuk libre ditugu, atzeratutako partidak jokatu ahal izateko», azaldu du Imanol Cabero entrenatzaileak. Hurrengo partida, larunbatean dute, Berazubin, 16:30ean hasita. Aurkaria San Ignacio talde bizkaitarra izango da. Aurrera begira test azkarrak egitea ere egokitu zaie, baina beraien kasuan bi astez behin izango da.

Ligarekin jarraitzen dute, baina arazoak beste toki batetik etorri zaizkio taldeari. Izaro Goenagak azken partidan belauneko lotailu gurutzatua hautsi baitzuen, eta, beraz, ez du denboraldi honetan jokatzeko aukerarik izango.

ARETO FUTBOLA

Aurreko asteburuan hastekoak ziren liga jokatzen 2. B Mailako Lauburu eta Laskorain taldeak, baina beraien partidak bertan behera geratu ziren, bakoitza arrazoi ezberdin batengatik.

Laubururen kasuan partida atzeratzea eskatu zuen Ibarrako klubak. Bere taldeko lau jokalari nafarrak dira eta ezin dute taldearekin entrenatu ezta partidetara joan. Juanan Rodriguez kirol zuzendariak azaldu duenez, «guk jokatu nahi dugu, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diogu gure lau jokalari nafarrei ziurtagiri bereziak ematea jokatu ahal izateko. Baina ezezkoa eman digute, eta horregatik eskatzen ari gara federazioari partidak atzeratzeko, ez ginatekeelako beste taldeen egoera berean egongo».

Izan ere, Espainiako federazioak kudeatzen du 2. B Maila, baina zenbait eskumen erkidegoek dituzte, eta bakoitza bere neurriak ezartzen ari da. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak ez die uzten jokalari nafarrei bere erkidegotik ateratzen, 2. B Mailari ez baitio eman EAEn emandako maila bera. Bilbon jokatu behar zuten aurreko astean eta partida hori atzeratzea onartu zioten. Asteburu honetan etxean jokatzekoak dira Lauburukoak, eta berriro atzerapena eskatu dute, eta oraindik ez dute erantzunik jaso federaziotik. Aurrera begira egoera ez da batere erraza Ibarrako taldearentzat, Nafarroako Gobernuak beste hamabost egunez luzatu baitu erkidegotik ateratzeko debekua.

Laskorainek etxean zuen jokatzekoa lehen partida Burgosko taldearen aurka, aurreko larunbatean, baina beraien jokalari batek PCR proban positibo eman zuela jakin zuen larunbat goizean. «Gurekin ez zen kontaktuan egon aurreko egunetan jokalari hori, baina Espainiako Federazioari positiboa jakinarazi genionean, atzeratzeko agindua eman zuten», zehaztu du Mikel Juaristi taldekideak.

Asteburu honetan Bilbon jokatzen dute, Kukuyaga Etxebarri taldearen aurka, baina Eusko Jaurlaritzatik etorri daitezkeen neurri berrien zain daude. «Bitartean, entrenatzen jarraitzen dugu eta ikusiko dugu zer gertatzen den», zehaztu du Juaristik.

Areto futbolean ere federaziotik test azkarrak eginaraziko dizkiete jardunaldi honen ondoren, eta bi astez behin egin beharko dituzte.

SASKIBALOIA

TAKE klubeko bi talde nagusiak ez dira ari partidarik jokatzen oraingoz. Zehazki, aurreko asteburuko jardunaldia eta datorrena geratu zaizkie bertan behera. Redline Mekanika TAKE gizonezkoen taldearen maila Euskadiko Federazioak kudeatzen du, eta taldeari mezu ezberdinak iritsi zitzaizkien aurreko astean, Goar Artetxe entrenatzaileak azaldu duenez: «Hasieran esan ziguten gure txapelketa aurrera zihoala, baina ezingo genuela entrenatu, ondoren esan ziguten entrenatu bai baina ez zirela partidak jokatuko, gero biak baietz, eta azkenean entrenatu bai baina lehiaketarik ez zela jokatuko». Partidak berreskuratzeko aukera ikusten du Artetxek, asteburu batean bi partida jokatuz. «Seinale ona izango zen partida horiek berreskuratu ahal izatea», esan du entrenatzaileak.

Bestalde, test azkarrei dagokionez, federaziotik azaldu zieten asmoa zutela martxan jartzeko, baina oraindik ez dizkie zehaztasunik eman. Maila erdi-profesional bezala dago zehaztuta taldea, eta aukera dute taldekide guztiek batera entrenatzeko. «Jokalariak gogotsu daude, eta betiko dinamikan jarraitzen du taldeak», esan du Artetxek.

Klubeko beste talde guztiek seiko taldeetan entrenatu behar dute. TAKE emakumezkoen talde nagusiaren kasua da hori ere, Gipuzkoako Federazioak kudeatzen baitu bere liga. Jon Ander Zabala bigarren entrenatzaileak azaldu duenez, «taldea bitan banatzen dugu entrenatzeko. Ezin dugu elkarrekin jokatu eta saiatzen gara baloia ez partekatzen. Partidak ere ezin ditugu elkarrekin egin, eta, beraz, saiatzen gara entrenamendu indibidualak egiten».

Guztira hiru partida geratuko zaizkio oraingoz bertan behera TAKE taldeari, asteburu honetakoa kontuan hartuta, eta hurrengo astean jakingo dute liga bertan behera geratzeko neurria luzatuko den.

ESKUBALOIA

Tolosa Eskubaloiak 1. Maila Nazionalean jokatzen du, eta bere maila Espainiako Federazioak kudeatzen du. Ez da liga bertan behera geratu, baina azken bi partidak jokatu gabe geratu dira. «Partida horiek atzeratu egin dira, lehenengoa Nafarroara joan behar genuelako, eta bigarrena gure kantxara errioxarrak etorri behar zirelako», zehaztu du Jon Iraola entrenatzaileak. «Itxiera perimetrala dagoenez, jokatzen duten bakarrak erkidego berdinekoak izaten dira».

Ez dakite atzeratu diren partidak noiz jokatuko dituzten. «Gure kasuan 30 jardunaldiko liga bat jarri du federazioak, kontuan izan gabe astebururen bat libre uztea, atzeratutako partidak jokatzeko», esan du Iraolak. Ligan hiru irteera dituzte Aragoira, Errioxara bat eta Nafarroara beste lau, hau da, egin beharreko irteeren erdiak erkidegotik kanpora dira. «Guk urrutien dugun aurkaria Huesca da, eta horien aurkakoa atzeratzen bada, gero nola moldatuko ginateke astean zehar jokatzeko?», galdetu du Iraolak.

Larunbat honetan partida dute, Donostian, Egia taldearen aurka, eta jokatzeko aukera izango dutela uste dute. «Neurriak aldatzen doaz. Galdera pila bat daude, baina erantzun garbirik ez. Asteburuan partida jokatzeko aukera badugu, jokatuko dugu, eta hortik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den», esan du Iraolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!