Altuna III.a, Jaka eta Peña II.a, buruz buruko txapelaren bila

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 3a, 16:28

Asteburu honetan hasiko da txapelketa, final-zortzirenetako norgehiagokekin. Altuna III.ak eta Peña II.ak euren artean jokatuko dute partida, eta Jakak Bakaikoa izango du aurrez aurre.

Buruz Buruko Pilota Txapelketaren aurkezpena egin dute Bilbon, eta parte hartuko duten 12 pilotariak bertan izan dira. Enpresa bakoitzeko sei ariko dira: Baiko Pilotatik, Peña II.az gain, Urrutikoetxea, Bengoetxea VI.a, Bakaikoa, Agirre eta Zubizarreta III.a; Aspe Pelotatik, Altuna III.a eta Jakaz gain, Irribarria, Ezkurdia, Elezkano II.a eta Dario.

Aurkezpenean egindako zozketak final-zortzirenetan eskualdeko bi pilotari elkarren aurka neurtuko direla ezarri du. Altuna III.ak eta Peña II.ak igandean jokatuko dute, Eibarren, eta irabazleak Ezkurdia izango du aurkari final-laurdenetan. Jakak Eibarko jaialdian jokatuko du bere partida, Bakaikoaren aurka, eta irabazleak Urrutikoetxea izango du zain. Beste bi partidetatik lehenengoa, ostiralekoa, Ataunen, Zubizarreta III.a eta Dario izango ditu protagonista, eta partida honetako irabazleak Irribarriaren aurka jokatuko du final laurdenetan. Bestean, larunbatean, Amurrion, Bengoetxea VI.a eta Agirre neurtuko dira, eta garaileak final-laurdenetan Elezkano II.a izango du aurrez aurre.

Hurrengo asteburuan jokatuko dira final-laurdenak, eta astebete beranduago finalerdiak. Finala azaroaren 29an jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. EPELek zehaztu duen araudiaren arabera, ez da partiden atzerapenik izango.

Berrikuntzak ere izango dira. Bi urtez frontoietatik kanpo egon ondoren, botileroak egongo dira berriro. Hori bai, bakarrik enpresa ezberdineko pilotarien arteko partidetan egongo dira, eta enpresako teknikariak izan beharko dute. Beste berrikuntza sakeari dagokio: errestatzeko orduan pilotariak horren atzean egon ez daitezen, zazpitik sei eta erdira aurreratu dute pasaren marra.

Promozio Mailako Txapelketari dagokionez, hurrengo asteburuan hastea ari dira aurreikusten EPELeko kideak. Bien bitartean, Jon Erasunek aurre kanporaketa jokatuko du ostiralean, Atauneko jaialdian, Larrazabalen aurka. Jaialdiko lehenengo partida izango da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!