Zizurkilgo eta Berastegiko bi ustiategi saritu dituzte

Ataria 2020ko azaroaren 3a

Zizurkilgo Irizibar baserria. Argazkia: Joxin Azkue

Euskadiko abere-ustiategi onenaren txapelketan saritu dituzte Zizurkilgo Irizibar baserria esne-behien kategorian eta Berastegiko Jose Ignacio Ugartemendia artzaina ardien kategorian.

Euskadiko abere-ustiategi hoberenenaren XX. txapelketa ospatu berri da. Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, hiru lurraldeetako kudeaketa-zentroek eta Neicer-Tecnaliak antolatzen dute txapelketa eta helburua da abere-ustiategien berritze teknologikoa bultzatzea eta hori saritzea. Bidenabar, txapelketa hau, horretarako pizgarri eta zabalkunderako tresna izatea nahi dute.

Txapelketak bi mailatako sariak bereizten ditu, absolutua eta lurraldekakoa. Azken edizio honetan, 284 ustiategik hartu dute parte, horietatik 102 Gipuzkoakoak. Lurralde historikoko saritu bakoitzak 1.000 euro eta garaikurra irabazi ditu eta erkidego mailako sarituek, berriz, 1.500 euro eta garaikurra.

Gipuzkoa mailan bi sari geratu dira Tolosaldean. Esne-behien kategorian Zizurkilgo Irizibar baserria eta ardien kategorian Berastegiko Jose Ignacio Ugartemendia artzaina. Bestalde, Urretxuko Mikel Elgarrestak jaso du saria haragi-behien kategorian eta zuhain hoberenaren kategorian Zeraingo Javier Muñoa izan da garaile.  

Bestalde, hiru lurraldeak kontuan hartuta, esne-behien kategorian Iztueta Elkartea (Lazkao), haragi-behien kategorian Victor Meabe (Goiuri) eta ardien kategorian C.B. Mañondo (Izurtza) izan dira irabazleak.

Txapelketaren bitartez, batetik, maila tekniko eta ekonomikoagatik nabarmentzen diren ustiategiak, eta bestetik, euren produkzio metodoak baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzera bideratzen dituzten ustiategiak saritu nahi dituzte. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ustiategien edozein titularrek hartu dezake parte, baldintza bakarra, euren ganaduak ustiategian bertan bildutako eta kontserbatutako belar-bazkaren bitartez elikatzea da; bai siloratuta, bai belar iharra eginda. Hiru modalitate daude: esne-behiak, haragi-behiak eta ardiak.

Txapelketaren formatu aldaketa

Txapelketa hau 2000. urtean hasi zen antolatzen eta 1998 geroztik ospatzen zen Siloen Txapelketaren jarraipena da. Bi hamarkadatako ibilbidea eginik, eta urteurrena aitzakia hartuz, erakunde antolatzaileek jakinarazi dute txapelketaren inguruko hausnarketa bat egingo dutela; beraz, 2021era begira, lehiaketak formatu berritua izango du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!