Itaia antolakundea aurkeztu dute Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 31a, 09:59

Aste hauetan, eskualdez eskualde ari dira Emakumeen Antolakunde Sozialista aurkezten. Atzo, Tolosan egin zuten saioan, proiektuaren berri emateaz gain, eskualdeko emakumeak animatu zituzten antolakundearekin bat egitera.

Urrats berri bat egin nahian, Emakumeen Antolakunde Sozialista sortu dute Itaiako kideek. "Emakume langileon babesa antolatzeko hautua" berretsi zuten atzoko aurkezpenean, "antolakuntza politiko sozialista" helduleku hartuta.

Itaiaren sorreratik bi urte igaro ostean, antolakuntza forma berria hartzeari ekin diote. Hori dela eta, eskualdez eskualde ari dira egitasmoa aurkezten, emakume langileen babesa jaso nahian. "Emakume langileon emantzipazio erreala antolatzeko aukera bakarra harreman eredu sozialistaren eraikuntza izango da" diote.

Adierazi zutenez, "zapalkuntzarik gabeko gizartearen eraikuntzaren bidean, emakume langileon askapena gorpuztea" du helburu egitasmo berriak. Hori lortu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dute "emakume langileak jasaten duen zapalkuntza zehatz bakoitza identifikatzea eta horrek egitura ekonomiko kapitalistaren baitan zein funtzio betetzen duen aztertzea, modu horretara, zapalkuntzari aurre egiteko bitarteko politikoak garatuz".

Egungo testuinguruari erreferentzia eginez, "osasun krisialdiak atzeraldi ekonomikoa bizkortzea" eragin duela azpimarratu zuten. "Hori dela eta, emakume langileon bizi baldintzak modu agerikoan kaltetu dira. Garai ilunak datoz, eta antolakuntza politiko sozialistarako hautua egin dugu".

Klase kontzientziaren garapenari dagokionez, jakinarazi zuten "emakume langileon bizi baldintzak eta baldintza estrategikoak hobetzera begirako borroka prozesua eta lan ideologikoa abiatuko dituztela".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!