Tolosaldeko ospitale publikoa

Tolosaldeko ospitaleaz gobernuaren proposamena zehazteko eskatuko du EH Bilduk

Ataria 2020ko urriaren 29a

Tolosaldeko ospitale publikoaren gaia jorratuko dute bihar, Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran.

Zehazki, Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak Gotzone Sagardui osasun sailburuari luzatuko dio ondorengo galdera: "Jaurlaritzak Tolosaldean eraikiko duen Bereizmen Handiko Zentroa Tolosaldeko alkateek eskatzen duten ospitale publiko berria izango al da?".

EAJ eta PSE-EE alderdiek eginiko gobernu akordioak osasun atalean jasotako puntuari egiten dio erreferentzia galderak. Zehazki, "bereizmen handiko zentro bat eraikitzea Tolosan" aurreikusten du gobernu akordioak. Baina, EH Bilduk dioenez, "ez du zehaztapen gehiago ematen". "Gobernuaren proposamena zer den ez dakigu, ez baitago argi zehazki zentro hori ospitale publiko berri bat den edota anbulatorio berri berezi bat izango den. Ezta, azpiegitura berri horrek egungo Asuncion klinikarekin, Inviza enpresaren bidez, Osasun sailak duen hitzarmena bertan behera uztea ekarriko duen".

Hala, EH Bilduk gogoratu du Tolosaldeko alkateak, Tolosakoak barne, ospitale publikoa eskatzen ari direla. "Aldarrikapen horren azken erakustaldia urriaren 17an izan zen, 2.000 pertsona baino gehiagok hartu zituzten Tolosako kaleak, ospitale publikoaren alde".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!