ATARIA bidelagun izango dute Anoeta eta Irurako bidelariek

Jon Miranda Labaien 2020ko urr. 29a, 12:12

Mintzalagunan parte hartzen ari diren bi herrietako bidelariek euskarazko egunkaria jasoko dute urtebetez dohainik, Anoeta eta Irurako udalei esker.

 

Irura eta Anoetako udalek erraztasunak eman nahi dizkiete euskaraz bizi nahi duten herritarrei. «Beldurrei eta lotsei aurre egin nahi dietenei edota ahaztutakoak berreskuratu nahi dituztenei erraztasunak emateko bultzatzen ditugu Mintzalaguna bezalako ekimenak, euskara maila hobetzeko eta euskaraz gozatzeko».

HAINBAT ERAKUNDE

Ikasturte honetan Mintzalaguna egitasmoa hainbat erakunderen artean aurkeztu da: bat egin duten udalak, Uema, Galtzaundi euskara taldea eta beste hainbat eragile. Anoeta eta Irurako udalek «oso positibotzat» jo dute hori. Mintzalagunaren osagarri gisa, Anoetako eta Irurako bidelariei (euskara praktikatu nahi dutenei) TOLOSALDEKO ATARIA-ren urtebeteko harpidetza ematen diete opari. «Uste dugu ATARIA komunikabide erreferentea dela Tolosaldean, euskara hutsean kaleratzen dena, eta, ikusita bidelariek badutela irakurtzeko gutxieneko maila, oso tresna interesgarria iruditzen zaigu haiek euskaraz irakurtzera ohitzeko. Gainera, badugu bidelaririk gaztelania ez dakienik, beraz, berarentzat tresna ezin hobea da eskualdean gertatzen denaz informatuta egoteko».

Anoetako Udalak aurreko urteetan ere bultzatu izan du ekimena eta aurten herriko lau bidelarik jasoko dute urte osoan TOLOSALDEKO ATARIA-ren alea etxeko postontzian. Euskara ikasten eta Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen ari den herritarretako bat da Raquel Estevez Andreu. Jatorriz kataluniarra da eta 9 urte daramatza euskaltegian. «Lehenago etxean hasi nintzen praktikatzen, liburuekin, kaseteekin eta DVD-ekin».

Estevezek Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen du euskara ikasteko lagungarri zaiolako. «Bertan aritzen direnek kaleko euskara erabiltzen dute eta niri euskara hori ezagutzea gustatuko litzaidake», esan du Anoetako bidelariak. Udalak TOLOSALDEKO ATARIA-ren harpidetza ordaintzeko keinua «oso ondo» iruditzen zaiola esan du: «Tolosaldeko berriak irakurtzen ditut bertan eta, aldi berean, ikasi egiten dut. Euskarazko hitz berriak edota esaldiak ikasten ditut han irakurrita».

Irurako Udalak aurten lehen aldiz erabaki du ekimenarekin bat egitea eta herriko bidelari bati ordainduko dio TOLOSALDEKO ATARIA-ren harpidetza. Eskertuta azaldu da Estevez. «Anoetako Udalak ahalegin handia egiten du euskara bultzatzeko. Nik beti izan dut laguntza ekonomikoa ikasteko. Bestela niretzat oso zaila izango litzateke».

Bi herrietako udal ordezkariek euskaraz bizitzeko deia luzatu nahi izan dute: «Zinez uste dugu euskaraz bizitzeak, euskaraz hitz egiteaz gain, euskaraz kontsumitzea ere esan nahi duela, hau da, irratia euskaraz entzutea, telebista euskaraz ikustea, euskaraz irakurtzea eta euskarazko kultur eskaintzaz gozatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!