BEZa %10era jaisteko eskatu dute ile apaindegiek

Ataria 2020ko urr. 29a, 09:59

Ohartarazi dute hamar establezimendutik seik ezingo dutela iraun sei hilabete baino gehiago; «ezinbestekoak» direla argudiatu dute.

Ile apaindegietako eta irudi pertsonaleko profesionalek sektorearentzako BEZ murriztua eskatzen dute, zehazki, %21etik %10era jaisteko eskatu dute, «ezinbesteko zerbitzu» bat ematen dutela argudiatuta. Era berean, aldi baterako enplegu erregulazioetan salbuespenak ezartzeko ere eskatu dute. Hori eskatzeko, elkarretaratzeak egin zituzten astelehenean, Espainiako zerga agentziak Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburuetan dituzten ordezkaritzen aurrean.

Ohartarazi dute neurri horiek hartu ezean hamar establezimendutik seik itxi egingo dutela, eta 25.700 lanpostu baino gehiago galduko direla.

BEZa %10era jaisteko eskaerarekin batera gogoratu dute beste sektore batzuei ezarri zaiela dagoeneko BEZ murriztua, tartean albaitariei, ehorztetxeei, zinemei, diskotekei eta ikuskizunei, eta lorezainei, 2012an %8tik %21era igo baitzieten. Eta esan dute beraien sektorea dela BEZ murriztua aplikatu ez zaien bakarra.

EIPEF ile apaindegi eta estetika enpresen federazioak ohartarazi duenez, sektoreko negozioen % 57,92k ezingo du 6 hilabete baino gehiago iraun, zehazki 7.380 enpresetatik 4.790ek, eta arriskuan jarriko dira ia 25.500 lanpostu zuzen «eta zeharkako askoz ere gehiago».

Azaldu dutenez, honako hau da sektoreko langileen soslaia: autonomoa, emakumezkoa eta gaztea. «Horiek babesteko ezinbestekoa da BEZaren jaitsiera», esan dute. Eta azpimarratu dute hain justu horiek direla COVID-19k eragindako krisi ekonomikoa gogorren pairatzen ari direnak, «langabeziaren azken zifrek erakusten duten bezala».

Gainera, deialdia egin duten erakundeek eskatu dute aldi baterako enplegu erregulazioetan salbuespenak ezartzeko. Izan ere, salatu dute, aldi baterako enplegu erregulazioen kotizazio sozialen ordainketan sektorea salbuespenetatik kanpo geratu dela, eta horrek, «egoera benetan kritikoa» izatera eraman ditu- ela hainbat establezimendu. «BEZak eragindako egoerak ez ezik, salbuespenetatik kanpo geratu izanak gehiago larriagotu du sektorea, egoera zaurgarrian utzi du», gaineratu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!