Errigoraren saskiak eskatzeko aukera,  zabalik

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 29a, 16:58

Azaroaren 12ra bitarte egin daitezke eskaerak; hiru saski daude aukeran eta bost euroko ekarpen gehigarria egingo da aurten.

Urriaren 24tik azaroaren 12ra izango da Errigorako saskien kanpainaren 2020ko edizioa. Iaz bezala, hainbat produktuz osatutako hiru saski eskatu daitezke eta, auzolanari esker, hauen balioaren laurdena Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzara bideratuko da.

Aurten elkartasuna biderkatu nahi dute antolatzaileek pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, ikastolen jaialdiak eta Sortzenen jaia ezin izan baitira egin eta Korrikarik ez baita izango datorren udaberrian. Hori dela eta, saski bakoitzeko 5 euroko ekarpen gehigarria eskatuko dute.

Saski beltza eskatzekotan, 55 euro ordaindu behar dira eta trukean, saskiaz gain, Korrikaren katilua jasotzeko eta AEKri diru hori zuzenean bideratzeko aukera dago. Saski berdea eskatzekotan, 65 euro ordaindu behar dira eta saskiaz gain, Seaskaren egutegia jasoko da eta Seaskari diru hori zuzenean bideratuko zaio, Herri Urrats ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko. 

Saski zuria eskatzekotan, 75 euro ordaindu behar dira saskiaz gain, D ereduaren haziak jasotzeko eta Sortzeni diru hori zuzenean bideratzeko, urteroko jaia ez egiteak eragin dion diru-galera arintzen laguntzeko.
Herriz herri presentziazko eskaerak egiteko aukera izango da, baina ohiko eskaera-puntu izan ohi diren taberna, elkarte eta bestelako toki asko itxita daudenez, aurten inoiz baino gehiago, eskaera online egitea eskatu dute. Galtzaundiren webgunean egin daiteke eskaera. Ordainketa egiteko bi aukera izango dira: online, txartel bidez ordainketa aurretiaz eginda, edo saskiak jasotzean ordainduta. Banaketa-gunea aukeratzean zehaztutako egun eta orduetan joan beharko da saskien bila.  Edonola ere, eskaera-prozesua amaituta mezu elektroniko bat jasoko da argibide guztiekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!