Hitzarmena berritu du udalak Galtzaundirekin

Ataria 2020ko urr. 27a, 11:02

Euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzea helburu duela akordioak adierazi du Tolosako Udalak.

Tolosako Udalak hitzarmena berritu du Galtzaundi Euskara Elkartearekin. Xabier Balerdi, Tolosako euskara zinegotziak eta Kike Amonarriz, Galtzaundi Euskara Elkarteko lehendakariak, izenpetu dute euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzen jarraitzea helburu duen elkarlanerako akordioa. Hori horrela, Tolosako Udalak diruz lagunduko ditu Galtzaundik burutuko dituen ekimenak. Urtebeteko epealdia izango du hitzarmenak.

Akordioan hainbat egiteko jaso dituzte, hala nola, Tolosako Euskara Batzordean aktiboki parte hartzea, Euskarak 365 egun markoa garatzea, alfabetatzea eta euskalduntzea bultzatzea eta euskararen erabileraren inguruko behaketa eta azterketa lanak egitea.

Udalak «euskara sustatzen jarraitzeko apustua» egin duela beste behin hitzarmen honen bidez adierazi du. Galtzaundik egindako ikerketak adierazten du, ehun urtean lehen aldiz, euskara gehiago entzun dela Tolosako kaleetan gaztelera baino. «Maiatzean argitaratutako ikerketaren arabera, azken 34 urtetan erabilerak 20 puntu egin ditu gora eta 2019ko datua 1985etik erregistratutako altuena da; lehen aldiz gaztelaniaren aurretik kokatu da euskara emaitzetan». Horregatik, «ezinbestekoa» dela esan du Tolosako Udalak hizkuntza normalizaziora bidean aurrerapausoak ematen jarraitzea, eta Galtzaundi elkartearekin lankidetzan orain arte egindako lanari jarraipena ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!