Koronabirusa

Herritik atera eta sartzeko debekua ezarri du Jaurlaritzak

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 27a, 07:59

Euskal Autonomia Erkidegoko herrietatik, nahiz lurraldetik ezingo da irten ez bada lan edo osasun kontuengatik; etxeratze agindua 23:00etatik 06:00etara ezarri dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek ezingo dute euren herritik atera, lanerako, osasun kontuengatik, ikasketengatik edota zaintzarako ez bada. Atzo hartu zituen Eusko Jaurlaritzak neurriak atzo bertan Dekretua argitaratzeko asmoz, eta hori horrela, gaur bertan 06:00etan jarriko lirateke indarrean. Hamabost egunean egongo da indarrean.

Neurriok aurreikusten dutenez, Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik ateratzea eta horietara sartzea ere debekatuta egongo da. Eremu publikoan eta pribatuan gehienez sei pertsona elkartu ahal izango dira, elkarrekin bizi diren pertsonak kontuan hartu gabe. Etxeratze aginduaren ordutegia ere finkatu dute: herritarrek ezingo dute kalean ibili 23:00etatik 06:00etara bitarte.

Alarma egoera ezarri zuen igandeaz geroztik Espainiako Gobernuak, eta egoera horrekin hartu ahal izan dituzte neurri berriak. Aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzak edukiko du egoera kudeatzeko eskuduntza eta erabaki propioak hartzeko aukera.

SEMAFORO GORRIAN

Asteburura arte, Tolosa zen semaforo gorria piztuta zuen eskualdeko herri bakarra. Datu berriek, ordea, Amasa-Villabona ere eremu laranjatik eremu gorrian kokatzea eragin dute. 500eko intzidentzia tasa duten herriak dira eremu gorrian sartu dituztenak eta 5.000 biztanle baino gehiago dituztenez, neurri zehatzagoak aplikatu zaizkie. Beraz, bi herri horietan, talde kirolak egitea debekatuta dago, eremu irekian nahiz itxian. Hau da, kirola bakarka bakarrik egin ahal izango da. Horrez gain, haur parkeak, parke publikoak eta terrazak itxita egon beharko dute 21:00etatik 08:00etara. Merkataritza lokalen kasuan, 21:00etan itxi behar dituzte ateak, elikadura establezimenduen, farmazien eta gasolindegien kasuan izan ezik. Horiek, ordea, ezin dute alkoholik saldu ordu horretatik aurrera.

Ostalaritzari dagokionez, gune gorri izendatu dituztenetan izango da aldaketa bakarra: 21:00etan itxi beharrean, 23:00 arte luzatu ahal izango dute ordutegia. Izan ere, bertan behera geratuko dira orain arteko neurriak. Gainera, orain arte bezala, eserita eta mahai batean kontsumitu behar da, inolaz ere ez barran, eta ezingo da %50eko edukiera gainditu. Bestetik, elkarte gastronomikoetan eta txokoetan ezin da inongo jarduerarik egin.

JIPOI HANDIA OSTALARIENTZAT

«Erabat blokeatuta». Horrela aurkitzen zela zioen atzo goizean (neurri berriak ezagutu aurretik) Josune Otegi, Tolosako Asteasuarra tabernako zerbitzariak. 21:00etan ixteko aginduak ez zuen ezustean harrapatu, eta etengabe alternatibak bilatzeari ekin dio, izan ere, barran kontsumitu ezin denez, mahaiak jarri ditu bertan.

Hala ere, ostalaritza sektorearentzat jipoi handia izan daitekeela uste du. «21:00etan ixteko aginduarekin ezingo genituen afariak eman, eta apurka, poteoan aritzeko ohitura galduko zen. Orain, jendea beste era batera antolatzen ez bada, auskalo nola aterako garen honetatik». Aroztegieta kalean jartzen dute terraza, baina ez dira mahai asko izaten. «Eguraldi txarrarekin, gainera, jende gutxiago ibiliko da».

Oier Larrañaga Amasa-Villabonako RK tabernako zerbitzariak ere ondorioak handiak izan daitezkeela dio. Azken aldian, beldurragatik edo, bezero gutxiago dabiltzala aitortu du, eta horrek langileengan izan dezake eragina. «Lan orduak murriztearekin batera, langileen kontratuak murriztu beharko ditugu. Diru-sarrerak ere asko jaitsiko dira».

21:00etarako ateak itxi beharko bazuten, ordu horretatik aurrera, etxera janaria eramateko zerbitzua aukera bezala jartzeko esperantza zuen atzo goizean. «Bestela, afarietarako ordutegia aurreratu beharko dute bezeroek». Orain, ordea, 23:00etan itxi ahalko du taberna.

EZ DITU EZUSTEAN HARRAPATU

Eusko Jaurlaritzak, alarma egoera ezarri aurretik eman zuen elkarte gastronomikoak eta txokoak ixteko agindua. Eskualdean, ohitura handia izaten da lagunartean edota senideekin horietan elkartu eta otorduak egiteko. Neurri honek, Tolosari eragingo dio gehienbat, bertan 20 elkarte baino gehiago baitaude. «Ez gaitu ezustean harrapatu. Positibo tasak igotzen doazela ikusita, espero genuen zerbait zen», dio Eriz Lasa Izaskun Atsegintze-Kirol Elkarteko bazkideak. Hasiera batean, hamabost egunetarako ezarritako neurria da, baina luzerako joango dela aurreikusten du. «Ezkorrak izan gabe, baliteke Gabonak igaro arte elkartea berriro ez zabaldu ahal izatea».

Uda hastearekin batera, berriz ireki ahal izan zituzten elkarteak; beraz, hilabete batzuetan zabalik izan dira, hori bai, zenbait neurri berrirekin. «Gure kasuan, errespetuz eta arduraz jokatu dute bazkideek, eta alde horretatik, eroso sentitu dira. Bizi dugun egoerarekin ere, nahikoa jende ibili da elkartean. Gainera, ez da inongo arazorik izan, ezta kutsatzerik ere».

Neurri berriak erabileran nabarmen eragingo badu ere, ekonomikoki, ondorio txikiak aurreikusten ditu Lasak. «Aurtengo diru-mugimenduak oso txikiak izango dira. Gastu finkoak bazkideen kuotekin ordaintzen ditugu, ondorioz, ez dugu diru-galerarik izango, eta bazkideek ez dute ezohiko diru-kantitate gehigarririk jarri beharko».

BIZI SOZIALERAKO TOKIA

Agindu honek eragin zuzenagoa izango du Elduainen, taberna bat izan beharrean, elkarte bat dutelako bertan: Biltokia. Kafe bat, pintxo bat edota ardo trago bat hartu ahal izateko aukerarik gabe geratu dira herrian. Hori bakarrik ez. Izan ere, haurrentzako gozoki makina bat dute bertan, eta ehiztariek ere leku hori erabiltzen dute paraden zozketa egiteko. «Bizitza sozialik gabe utzi gaituzte, hankak moztuta», kexatzen da Luis Angel Egues bazkidea.

Dendarik ere ez dute herrian, eta orain, ondoko herrietara ez joateko gomendioa jaso dute. «Nahitaez, beste herrietara mugitu beharra daukagu eta ikusi egiten duzu terrazetan edo taberna izkinetan jendea dagoela; ze joko da hau?» Biltokitik udalari eskaera egin diote, herrian tabernarik ez dutenez, biltokia zabalik mantentzeko. «Udalak ez du erabakitzeko eskumenik, ordea, eta Eusko Jaurlaritzara luzatua dute eskaera».

Lehenago ere itxita izan zuten elkartea, baina orduan, beste herrietan ere itxita zeuden tabernak, jatetxeak eta elkarteak. «Orain, aldiz, muga batzuekin baina tabernak irekita daude», dio. «Herri txikietan herri handietan baino errazagoa da neurriak mantentzea. Bazkide gutxi gara, eta egunerokoan elkartean ez da jende ugari ibiltzen. Hori ez dute balioan hartu».

ARETOAK EGOKITZEN

Antzoki eta aretoetako edukiera mugan ere izan dira aldaketak. Orain arte, %60ko gehienezko edukiera muga zegoen ezarrita, baina asteburuan %50era jaitsi dute eta neurri horrek aldaketaren bat edo beste egitea ekarri du. Esaterako, Leidor Aretoan, asteburuan eta atzo eskaintzekoak ziren emanaldiak bertan behera geratu dira. Besteak beste, Tolosaldea Sahararekin elkarteak antolatutako Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia ezin izan zen egin, «ikusle kopuru bat kanpoan uzten zuelako».

Tolosako kultur etxetik ziurtatu dute, ordea, ostegunetik aurrerako Leidorreko programazioarekin jarraituko dutela «momentuz, aldaketa berririk izan ezean».

Leidorreko edukieraren kasuan, 90 eserleku inguru kendu behar izan dituzte, eta beraz, 400 eserleku inguruko edukiera izango dute hemendik aurrerako emanaldiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!