Tolosa Goxua, etxean bertan

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 26a, 15:00

Aurtengo Tolosa Goxua azoka ez egitea erabaki dute, "baina gozogileek egiten duten lanaren eta herriaren bizian duten garrantziaren aitortza gisa, Goxua etxetik beste modu batera bizitzeko hiru egitasmo" abiarazi ditu udalak.

Urria gozogintzari bereziki lotutako hilabetea da Tolosan eta Tolosa Goxua azoka ospatu ohi da. Aurten ordea bertan behera uztea erabaki dute "COVID-19a dela-eta, osasun-neurri eta gomendioak jarraituta eta jende pilaketak ekiditearren".

Tolosako Udalak "gozogileek egiten duten lanaren eta herriaren bizian duten garrantziaren aitortza gisa" Goxua etxetik beste modu batera bizitzeko hiru egitasmo abiaraztea erabaki du. Horretarako herriko bost gozogile artisauekin aritu da elkarlanean udala, hau da, Eceiza, Gozona, Gorosti, Rafa Gorrotxategi eta Saizar etxeekin.

Horiek horrela, haur eta gaztetxoei zuzendutako lehiaketa bat jarri du martxan Tolosa Turismoa-ren sare sozialen bidez, eta aste honetan bost tarta zozkatuko ditu. Era berean, urriaren 31n Tximista pastel bana oparituko dute bost gozotegik, bertan erosten duten guztiei.

Haurren gozogintza lehiaketa
Lehiaketari dagokionez, datozen bi asteetan gainera, "etorkizuneko gozogileak topatzeko helburuarekin", haurrentzako gozogintza lehiaketa bat egingo dute. "12 urte arteko gazteek, Tolosako gozotegietako 5 errezeta bereizgarrienetako bat egin ahal izango dute etxean, Tolosa Turismoa blogean argitaratu diren bideoak jarraituz.

Honako loturetan ikusi daitezke errezeta horiek:

Errezeta prestatu ondoren, emaitzaren argazki bat bidali beharko da 669 629 945 telefono zenbakira. Errezeta bakoitzeko irabazle bana izendatuko dute gozotegietako arduradunek, eta saridunak memoria jolas bat eskuratuko du, diplomaz gain.

Lehiaketa haurrei begira antolatu bada ere, bideo-errezeta hauen bitartez herriko gozogileek beren ezagutza tolosar guztien eskura jarri nahi izan dute eta, beraz, herritar guztiei errezetak egiteko gonbita luzatzen zaie. Honekin batera eta aste honetan zehar, astelehenetik ostiralera tarta bana zozkatuko da Tolosa Turismoa-ren sare sozialetako profiletan. Bertan emango dituzte parte hartzeko argibideak.

‘Tximistak’ opari, gozotegietan
Era berean, datorren larunbatean, urriak 31, Tolosako gozotegiek pastelak banatuko dizkiete euren establezimenduetan zerbait kontsumitzen duten bezeroei. Aurten, aukeratu den pastela Tximista izan da.

"Egungo testuinguruan, tokian kontsumitzeak duen garrantziaz jabetzeko eta bertako kontsumoa sustatzeko helburuarekin antolatu da ekimen hau; tokiko establezimenduek herriari egiten dioten ekarpena ikusarazteko eta, bide batez, bezeroak erakartzeko eta fidelizatzeko", esan du Tolosako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!