Azken hiru egunetan, eskualdeko 21 herritan zenbatu dituzte kasu positiboak. Tolosan 36, Ibarran 15, Amasa-Villabonan 10, Asteasun 8, Alegian, Albizturren eta Berastegin 7na, Iruran 5, Abaltzisketan, Amezketan, Anoetan, Belauntzan, Berrobin, Bidania-Goiatzen eta Zizurkilen 3na, eta Altzon, Gaztelun, Hernialden, Ikaztegietan, Leaburun eta Lizartzan positibo bana.
Osasun sailak emandako datuen arabera, 10.580 proba egin ziren atzo, eta horietatik, 940 (%8,9) positiboak izan ziren. Gipuzkoan, 275 positibo izan ziren, tartean, 9 Tolosaldekoak. Larunbatean, 11.050 proba egin zituzten, eta 1.012 (%9,2) izan ziren positiboak. Ostiralean, berriz, 13.892 proba egin zituzten, eta 1.210 izan ziren positiboak (%8,7).
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailak ez du atzo COVID-19aren ondorioz ospitaleratutako pertsona kopuruaren berri eman. Ostiralean 61 pertsona ospitaleratu ziren, eta larunbatean, 36. Guztira, koronabirusarekin kutsatutako 351 gaixo daude ospitaletan, horietatik 76, ZIUn. Oinarrizko birsorkuntza-tasa %1,23an kokatzen da EAEn.
Azken hamabost eguneko intzidentzia tasari dagokionez, gorriz jarraitzen du Tolosak, 100.000 biztanleko 500dik gora positibo batu baititu, zehazki, 861 (duela aste bat 653 ziren). Gaurko datuen arabera, Amasa-Villabona ere gehitu zaie Gipuzkoako zenbait udalerriri; 100.000 biztanleko 541 kasu batu dituzte bertan. Osasun eremuak kontuan hartuta, Tolosaldea gorriz ageri da, 799ko tasarekin (pasa den astean, 538koa zen). Gorriz ageri dira ere Alegia (1.500eko tasarekin), Amasa-Villabona (746), Ibarra (803) eta Tolosa (717).