Gipuzkoako historia arkeologiaren bidez ezagutzeko aplikazioa

Tolosaldeko Ataria 2020ko urr. 23a, 16:54

Androiderako prestatu duten aplikazioaren bitartez,  Mendikuteko Erdi Aroko gotorlekua Albizturren  edota Arritzagako meategiak Amezketan bisita daitezke, besteen artean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzak, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren bitartez, Arkeogipuzkoa Gipuzkoako historia arkeologiaren bidez ezagutzeko aplikazioa prestatu du. Harkaiz Millan Kultura diputatuak esan duenez,  “aztarnategi arkeologikoak bisitatzeko gida gisa diseinatuta dago, nola iritsi, nola sartu eta kokaguneko leku adierazgarrienak ikusteko ibilbidea markatzen du.  Gainera, audio-gida bezala funtzionatzen du, eta azkenaldiko ikerketa arkeologikoetan lortutako deskribapenak eskaintzen ditu, argazki, ilustrazio, irudi interaktibo eta 3D berreraikuntzekin batera".  

Aplikazioa lau hizkuntzatan dago erabilgarri: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Android mugikorretarako dago erabilgarri, eta laster IOS-erako ere (Apple) prest egongo da. 

Tresna honen bidez bisita daitezke Munoaundi Burdin Aroko herrixka gotortua, Azkoitia eta Azpeitia bitarteko muino batean dagoena; Mendikuteko Erdi Aroko gotorlekua, Albizturren, Herniotik gertu dagoen harkaitz muino baten tontorrean kokatua; eta Aralarko Arritzagako meategi zaharrak.  Aplikazioak informazioa etxetik mugitu gabe eskuratzeko aukera ere ematen du.

Munoaundi
Munoaundi 7 hektarea inguruko azalera duen herrixka gotortua da. Muino nagusi baten tontorrean dago, ia 400 metroko altueran, eta Iraurgi haranaren ikuspegi zabalak ditu. Duela 2.400 urte, Bigaren Burdin Aroan zehar, jendea bizi izan zen bertan. Aplikazioak ibilbidea hasten den punturaino eramaten gaitu aurrena, eta, handik aztarnategia dagoen muinora. Hemen 5 kokaleku aurkezten dira, eta, baliabide desberdinen bidez, herrixkako lekurik esanguratsuenak erakusten dizkigu: harresia, etxebizitzak, bizimodua...

Mendikute
Erdi Aroko gaztelu txiki horretara igotzeko bi bide daude: Albizturko herrigunetik abiatuta, mendiko ibilbide bati jarraituz; edo Tolosako Urkizu auzotik irtenda.  Bidezidorrak seinaleztatu egin dira, eta, gainera, aplikazioari jarraituz tontorreraino igo daiteke; dena dela, azken zatia igotzeko trebetasun pixka bat eta mendirako oinetako egokiak behar dira. 
Gazteluaren bi esparruetako hormen oinarriak gaur arte iraun dute zutik; goikoan, oraindik ere ondo ikusten da euri ura gordetzeko antzinako uharka; oskarbi dagoen egunetan, itsasoa, Aiako harria eta Aizkorri eta Aralar mendilerroak ikus daitezke.


Arritzagako meategiak
Amezketatik abiatuta iristen da bertara mendi ibilbide batean zehar; 200 metroko altueratik abiatuta 1.200 metroko altuerara iristen da. Zailtasun ertaina. Arritzagako meategi barrutia, euskal eremuko garrantzitsuenetako bat izan da kobreari dagokienez, eta handienekoa izan da kilometro askotan. Aurreneko ustiaketak duela 4.000 urte hasi ziren, Brontze Aroan. Harrezkero, hainbat erauzketa fase izan dira, eta arrasto handiak utzi dituzte paisaian. Aplikazioak ibilbide bat egiten du 10 kokaleku oinarritzat hartuta, eta, horiei esker, historiaurreko meatzaritzaren adibide bikainak ikus daitezke, bai eta Aralarko kobre meategien errege fabriken instalazioak izan zirenaren aztarnak ere. XVIII. mendean sortu zen enpresa eta garai hartan Gipuzkoako handienetakoa izan zen. Zalantzarik gabe, esan daiteke Gipuzkoan parerik gabeko espazioa dela, ingurune fisikoa, natura eta lehen lerroko meatze ondarea bateratzen dituelako. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!