Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitale publikoa eraikitzeko gunea Apatta izatea proposatu dute Tolosaldeko 23 alkatek

Ataria 2020ko urr. 23a, 10:59

Arantxa Irazusta Alegiako alkatea, Beatriz Unzue Amasa-Villabonakoa eta Igor Zapirain Ibarrako alkatea.

Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak ospitale publikoaren inguruan eskualdetik "ahots bakarra" izateko asmoz, osasun mahaia osatzeko deia egin du.

Tolosaldeko osasun publikoaren egoerak kezkatuta 25 alkatek proposamen zehatz bat aurkeztu dute: ospitale publikoa eraikitzeko leku posible bezala Apattako bigarren fasea proposatu dute. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak azaldu duenez, eskualdeak duen "behar historikoa balantzan jarri" dute eta proposamena "erabat zentzuduna" dela esan du: "Industriagunera bideratutako lurrak diren arren, egungo industriaren egoera kritikoa kontuan hartuta, erabat zentzuduna iruditzen zaigu, industriara bideratutako lur horiek eskualderako osasun zerbitzua emango duen ospitale publiko batera bideratzeko aukera izatea". 

Proposamen hori, osasun eremuko 25 alkateren eskutik egin dute, gaur goizean, Ibarrako udaletxean egin duten  agerraldian. Argi utzi dute, ordea, proposamena baino ez dela: "Erabakiak guztion artean adostuak izan behar dute, eta benetako erabakigunea Tolosaldeko osasun mahaiak izan behar du", azaldu du Unzuek. Adostu duten proposamen hori osasun mahaira eramatea da asmoa, eta bertan zehaztu nahi dute kalitatezko osasun arreta bermatzeko erarik egokiena zein den.

Proposamen zehatzak egin eta erabakiak hartzeko garaia dela uste dute, "ez da zain egoteko garaia": Tolosaldeko osasun arreta definitu, Asuncioneko langileen etorkizuna argitu, ospitale berriaren kokapena zehaztu eta prozesua aurrera eramateko epeen zehaztapena nahi dute. 

Tolosaldeak 28 herri dituen arren, Tolosaldeko osasun eremua 31 herrik osatzen dute; hortaz, 31 horietatik 25ek sinatu dute, momentuz. Osasun eskualdeari dagokionean, Abaltzisketa, Belauntza, Berrobi, Larraul, Tolosa eta Andoaingo alkateak izan dira akordioa sinatu ez dutenak.

Otsailetik lanean

Otsailean sinatu zuten akordioa eskualdeko 23 alkatek. Parte hartze prozesu bat martxan jartzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari , eta horren harira, eragile, udal eta jaurlaritza parte izango diren mahai bat eratzea da alkate horien nahia. Hori sortzeko, udal, eragile eta sindikatuekin bilera erronda bat egingo dutela aurreratu dute datozen bi asteetan. "Bada garaia Eusko Jaurlaritzarekin lanketarako ahal den ordezkaritza zabal eta anitzena osatzeko eta eskualdetik ahots bakarra izateko", gaineratu du Igor Zapirain, Ibarrako alkateak. Izan ere, eskualdeko 23 alkate daude proposamenaren atzean, baina gainerako alkateak ere mahai horren parte izatea nahi dute.

Mugimendu horien bueltan, azken egunetan Tolosaldeko alkate batzuen "aldebakarrekotasun jarrerak harrituta" utzi dituztela esan dute Alkateen Mugimendukoek. "Ez zaigu iruditzen protagonismo bila aritzeko gaia eta garaia denik". Eskualde bezala jokatzeko momentua dela zehaztu du Unzuek, "guztiak noranzko berean lan egitekoa". "Denak ados gaude herritar guztien osasun beharrak bermatuko dituen ospitale publiko bat behar-beharrezkoa dugula; horretan ados egonda, erabaki dezagun denon artean zer nolako osasun arreta nahi dugun Tolosaldean", aipatu du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!