Koronabirusa

56 positibo gehiago atzeman dituzte

Ataria 2020ko urr. 21a, 12:47

Tolosan 24 positibo izan dira azken orduetan, eta Alegia, Tolosa eta Villabonako osasun eremuak 500eko langatik gora daude intzidentzia tasan.

Osasun sailak emandako datuen arabera, 10.817 PCR proba egin ziren atzo, eta, horietatik, 819 (%7,6) positiboak izan ziren. Gipuzkoan 377 izan ziren positiboak, tartean, 56 Tolosaldekoak. Tolosan 24 positibo berri atzeman dituzte, Albizturren eta Amasa-Villabonan seina, Alegian 5, Zizurkilen 4, Ibarran 3, Hernialden 2 eta Abaltzisketan, Amezketan, Anoetan, Asteasun, Berastegin eta Iruran bana.

Tolosako joerak kezkagarria izaten jarraitzen du, azken hamabost eguneko intzidentzia tasa kontuan hartuta, kolore gorriz baitago, 752koa baita 100.000 biztanletik. Amasa-Villabonak kolore laranjarekin jarraitzen du, 389ko tasarekin.

Osasun eremuei dagokienez, Tolosaldea kontuan hartuta, gorriz ageri da, 625eko tasarekin. Azpieremuetan, Alegia (1.140) eta Tolosaz (684) gain, Villabonako (545) eremua ere kolore gorriz ageri da azken datuetan. Ibarra (433) kolore laranjarekin dago.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 53 pertsona ospitaleratu ziren atzo, orotara, 328 pertsona daude EAEko ospitaleetan, eta 59 pertsona ZIUn daude. Bestalde, urriaren 12tik 18ra bitartean metatutako datuak aztertu ondoren, COVIDaren ondorioz, 44 hildako egon direla adierazi dute.

Ikastxeei dagokienez, aurrez aurreko eskola jarduera etenda duen ikastetxerik ez dago une honetan. Orotara, 94 ikasgela daude itxita, EAEko 68 ikastetxetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!