Etorkizuneko sareak eraiki nahi dituzte

Naia Vazquez 2020ko urr. 21a, 14:59

Saiaz Mankomunitateak Bizilagun, bizipoza: Etorkizunerako sareak eraikiz proiektua garatuko du ikasturtean zehar.

Saiaz Mankomunitateak Bizilagun, bizipoza: Etorkizunerako sareak eraikiz proiektua abiarazi zuen irailean eta ikasturte guztian zehar landuko dute.

Erronka honen bitartez, konfinamenduan zehar hedatutako talde-erresilientzia dinamikak aztertuko dituztela esan dute. Erresilientzia une gogorretatik eta egoera latzetatik irteteko gaitasuna da eta pandemian zehar nola garatu den aztertu nahi dute. Era berean, abiarazitako baliabideak aztertu eta aurre egin zaien oztopo zein gabeziak identifikatu nahi dituzte. Eta horretarako tresna teknologiko bat erabiliko dute «presentzialtasun maila desberdinak eta garai hauetan elkartzeko eta elkar eragiteko modu berriak bultzatzeko». «Gizartearen taldeko garapenerako prozesuak birdefinitzeko erronka handia dugu aurrean, eta oraingoz, COVID-19ak sortutako egoerarekin bizi behar dugu», gaineratu du Saiaz Mankomunitateak.

Prozesu «berritzaile» honen helburua da beraz, Albiztur, Bidania-Goiatz, Beizama eta Errezilen konfinamenduan zehar hedatutako talde-erresilientziako dinamikak aztertzea, eta martxan jarri diren baliabideak, oztopo edo gabeziak identifikatzea. «Taldeko prozesuei laguntzeko ahalmena indartu nahi dugu, aurrez aurreko topaketak edo biltzeko modu berriak bultzatuko dituen tresna teknologiko baten bidez», azaldu du. Horretarako, izaera parte-hartzaileko hainbat jarduera jarriko dituzte abian mankomunitateko hainbat eragilerekin (publikoak, pribatuak eta sozialak) batera.

Bi helburu dituzte; batetik, hurbiltasuneko harremanak sortzea edo finkatzea eta bestetik, miaketa eta diseinurako prozesu parte-hartzaile bat abiaraztea. «Prozesuaren emaitzek konponbide teknologiko bat definitzea erraztuko dute», esan du mankomunitateak.

Proiektuan parte hartzeko edo xehetasun gehiago lortzeko Farapiko Begoña Pecharromanekin bego@farapi.com helbidera idatzi ahal da edo 943 00 35 85 telefono zenbakira deitu.

Proiektua Deustuko Unibertsitatearen, Donostiako Udalaren, Saiaz Mankomunitatearen eta Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoaren elkarteek bultzatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz 2020-2021 programaren barruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!