Haizetea 2020/10/21

Eskualdeko hainbat errepide itxi behar izan dituzte

Ataria 2020ko urriaren 21a

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu zuen atzo, haizeagatik. Haize-boladak 110-120 km/h-tik gorakoak izan dira bart haizeguneetan eta 90-100etik gorakoak gainerakoetan. Haizealdiak EAE osoan izan du eragina, eta eskualdean hainbat kalte eragin ditu.

Eskualdeko errepide asko zuhaitz eta adarrez beteta esnatu dira gaur, eta kalteak zein eragozpenak sortu ditu. Kalterik ikusgarriena Orendaingo kultur etxeko teilatuarena izan bada ere, Abaltzisketako haur guztiak ezin izan dira eskolara iritsi, Berastegitik Tolosarako errepidea itxita egon da nahiz eta momentu honetan irekirik dagoen, Alegia eta Ugarte arteko errepidea itxita egon da ere, eta Zizurkilen Olentzo aldeko errepidea itxi dute zuhaitz bat erori delako. Bidania-Goiaztik jaitsi eta bertara igotzeko errepidean ere arazoak izaten ari dira zenbait zuhaitz erori direlako.  Amasa-Villabonan ere izan dira kalteak, besteak beste, Larrea eta Arroa auzoetan, Txermindik Arratzainera igotzeko oinezkoen bidean, Lastur inguruan eta Alustizara igotzeko bidean. Udalak eskatu du kalterek baten berri izanez gero Udaltzaingora deitzeko (943 69 39 80). Tolosatik Anoetara bidean izan du eragina denboraleak.

Era berean, hainbat puntutan argi indarrik gabe egon dira, esaterako Amezketa eta Abaltzisketan goizaldeko 01:00ak inguruan joan zaie argia.

Segurtasun sailak amaitutzat jo ditu haizearengatik indarrean zeuden alerta laranja eta abisu horia. Hala ere, gomendatu dute arretaz gidatzea bigarren mailako errepideetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!